48.039 sinadura Herri Ekimen Legegilearen alde eta palestinarrekiko elkartasuna

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 14a, 09:13

Bihar, eguena, Legebiltzarrean entregatuko dituzte gutxieneko pentsioak osatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen alde pentsiodunen mugimenduak batu dituen 48.039 sinadurak. Astelehenean esan zutenez, espero baino sinadura kopuru “askoz handiagoa” batu dute. Soraluzetik autobusa abiatuko da 09:45ean. Bestalde, jakinarazi zuten pentsiodunen mugimenduak ere babestuko dituela palestinarrek 1947-1948an jasan zuten NAKBA edo palestinarren espultsioa salatzeko eguen honetan egingo diren mobilizazioak.

Gai asko eta denetarikoak izan zituzten hizpide asteleheneko elkarretaratzean.

Batetik, eta biharko egunari begira, adierazi zuten espero baino askoz sinadura kopuru handiagoa batu dutela Herri Ekimen Legegilearen alde, eta, esan zuten “mobilizazio oso aktibo eta koloretsua” egingo dutela horiek Legebiltzarrean entregatzeko, “sinadurak biltzeko kanpaina bikainari merezi duen amaiera” emango diona.

Dei egin zuten bihar Gasteizen egingo den mobilizaziora bertaratzeko. Soraluzetik joango da ordezkaritza eta iragarri dute autobusa egongo dela, 09:45ean, Estaziñotik.

40 urtetik gorako kotizazioak eta erretiro aurreratua

Bestetik, jakinarazi zuten 300 pentsiodunek parte hartu duela Galdakaon antolatutako Olerki lehiaketan eta guztira, 53 poesia aurkeztu zirela.

Hirugarrenik, esan zuten 40 urte edo gehiago kotizatu duten eta erretiro aurreratua hartu duten pertsonei “murrizketa iraunkorrak” ezartzen dizkien araudia aldatzeko eskaria zuzenduko diotela bai “Sanchez buru duen gobernuari eta baita Europako Parlamentuari” ere.

Azkenik, palestinarrek 1947-48an jasan zuten NAKBA edo palestinarren kanporaketa salatzeko eguen honetan egingo diren mobilizazioak ere babestuko ditu pentsiodunen mugimenduak.

Palestinarrekiko elkartasuna

Halaber, EHPMetik “israeldar sionismoa, mendebaldeko gobernuen laguntzarekin, palestinar herriaren aurka egiten ari den genozidioa” salatu zuten, gogora ekarriz, “Israelgo armadaren bonbardaketen ondorioz hildako pertsona kopurua, batez ere haur eta emakumeena areagotu” egiten dela egunetik egunera.

Bihar, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte mobilizazio horiek, iluntze partean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.