Atzo, gauean jakinarazi zuten lortu zutela akordioa hezkuntzan. ELAk izan ezik, gainerako sindikatu guztiek –LAB, STEILAS, CCOO eta Interinos Taldea- sinatu dute akordioa. Horren ondorioz, bertan behera laga dituzte datozen egunotarako deituta zeuden grebak eta mobilizazioak.
Steilas sindikatutik esan dutenez, honako puntuak adostu adostu dituzte:
Lan zama: ordu lektiboak jaitsi eta baliabide gehigarriak txertatu dira. LH eta HHn 21 ordu lektibo izango dituzte (murriztuko diren bi orduak norberaren irakaskuntza prozeduren hobekuntzarako erabiliko dira). BHn 17 ordu lektibo gehienez (Hedatze barne) eta irakasleak 23 orduen baitan familiak artatzeko ordu osagarria izango du. 2025-2026 ikasturtetik aurrera aplikatuko da neurri hau. Desburokratizatu egingo dira irakaskuntza-lanaren funtzio edo zeregin osagarriak, irakasleen lan-zama arintzeko.
Baliabideak: 800 langile inguru gehiago izango dira. Baliabideak esleitzeko betekizunak malgutu dira, eta hala lanpostu gehiago sortuko dira. Euskararekin lotutako baliabideak gehituko dira, HIPI eta EUSLE orduek gora egingo dute. Aldi berean, Hizkuntza Proiektutarako Mentoreak sortuko dira euskara indartzeko. EHI/ALE baliabideak ere handituko dira. Ongizate emozionalaren figura berria sortuko da zentro guztietan, eta orientazio-figurak edota PTak handituko dira LHko zentroetan.
Gazteberritze plana: 60 urtetik aurrera, erretiroa hartu arte herena murrizteko aukera izango dute langileek, simulaziorik aurkeztu gabe eta 65etik gora irakastorduen erdia murriztuko da. Aurreko neurriaz baliatu beharrean, irakastorduen murrizketa metatzeko aukera badago guztiontzat (zuzendaritzak, aholkulariak, ordu lektiborik ez duena…). Gehienez ere 18 hilabete lehenago etxera joatea ekarriko luke horrek.
Ordezkoen uda kobraketa berreskuratu da: 165 egun lan egin dutenek uztaila eta abuztua kobratu, kotizatuko eta puntuatuko dute. Horrez gain, ordezkoen lan-baldintzak parekatu eta hobetuko dira, karrerako funtzionarioenekin berdintze aldera.
Ordainsaria: %7ko soldataren igoera. Datozen urteetan funtzio publikoan aplikatuko diren igoerez gain, %7ko soldataren igoera izango da hurrengo hiru urteetan. 2025eko ekainean hasita %2 (irailean kobratuko litzateke lehendabiziko igoera atzeraeraginez), 2026-2027an %2,5 eta 2027-2028an 2,5.
Horiez aparte, LAB sindikatuak beste honako hauek ere azpimarratu ditu:
- Hezkuntza Konplexutasun Indizeko baliabideak gehitzea.
- Zuzendaritza taldeetarako baliabide gehigarriak.
- Ongizate eta Babeserako koordinatzaileak, besteak beste, hezkidetza lantzeko ere baliagarriak izango direnak.
Sindikatuak pozik
Akordioa adostu duten sindikatuek pozik azaldu dira erdietsitakoarekin. LABek azpimarratu du langileon borrokaren bidez, lortu dituztela “hezkuntza kalitatea hobetzeko eskatzen genituen baliabideak, lan baldintzak hobetzea, lan zamak arintzea, soldataren igoera, ordezkoen udako kobraketa, edoskitzea luzatzea, bitartekotasun tasa %5ean kokatzea edo gazteberritzerako neurriak”.
STEILAS sindikatuak borrokaren garrantzia azpimarratu du: “Argi dago mobilizazioak eta gauzatutako greba dinamika indartsua izan direla Hezkuntza Saila mugiarazi dutenak. Horrenbestez, greba eta mobilizazio dinamika hau negoziazioa hauspotzeko biderik eraginkorrena izan da·.
ELA Kritiko
Akordioa sinatu ez duen ELA sindikatu, berriz, oso kritiko azaldu da esanez, gobernuaren presioei men egin diotela. ELAk uste du sinatutako akordioak “gabezia garrantzitsuak” dituela eta “aldarrikatutako eduki asko” falta direla,” esanguratsuak” direnak.
"Historikoa"
Azkenik, Hezkuntza Sailak hiostorikotzat jo du atzoko akordioa: "Euskal eskola publikoak benetan behar duena lortu dugu" esan du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hezkuntza Sailaren ustez, akordioa "euskal eskola publikoa eraldatzeko akordioa da. Hezkuntza-sistema indartzen du, sistemak behar duena da, ikastetxeek eskatu digutena eta akordio honek behar dutena bermatzen die" azaldu du sailburuak.