Ezin hobeto dabil Mikel Layza hockey jokalaria azken asteotan. Maiatzean, Espainiako Infantil Mailako Lerro Hockey txapelketa jokatzeko sailkatu zen Burdinola taldearekin eta gainera, soraluzetarra bera izan zen gol erabakigarriak sartu zituenak.
Layza golegile
Hain justu, Burdinolaren taldeko azken partida galtzen zebiltzala, partida bukatzeko 8 segundoren faltan, Layzak sartu zuen berdinketa eman zien gola. Horri esker, luzapena jokatu zuten eta luzapenean, hura bukatzeko minutu bat falta zela, Layzak berak egin zuen garaipenaren gola. Hori gutxi ez, eta ondorengo partidan, bi taldeetako onenen artekoan, Layzak egin zituen Burdinolari Espainiako txapelketarako pasea eman zioten lau golak, “beti ekipoaren laguntzari esker”, azpimarratu du jokalari gazteak.
Espainiako txapelketa hori Valladoliden jokatuko dute ekainean, eta soraluzetar gazteak kontatu duenez, Estatuko erkidegoetako talde onenak lehiatuko dira bertan. Beraz, oso pozik dago erdietsitakoarekin.
Baina Espainiako txapelketa jokatu baino lehen, asteburu honetan Madrilera doa Burdinolarekin, Espainiako Urrezko Ligarako taldea atera nahi dute txapelketa horretan, Burdinolak maila horretan izango lukeen bigarren taldea.
Maiatzean Euskal Selekzioarekin
Horrez aparte, apirilean baita ere, nazioarteko Sparta Kids txapelketa irabazi zuen Layzak, kasu honetan, Madrilgo Crazy Monkeys taldearekin. Espainiako, Frantziako eta Ingalaterrako 18 talde lehiatu dira Sparta Kids txapelketan.
Uztailean, talde berarekin beste bi txapelketa jokatuko ditu Layzak. Jakan, Capibaras Cup txapelketa eta Madrilen, Bohemians Cup txapelketa.
Azkenik, bi aste barru, Euskal Selekzioarekin jokatzeko deitu dute Mikel Layza hirugarren urtez. Erkidegoen arteko txapelketa jokatuko du maiatzaren 21etik 25era bitartean.