“Hezkuntza sailak arduragabekeriaz jokatzen jarraitzen du”

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 7a, 10:45

Ikasleen “hezkuntza kalitatea eta irakasleon lan baldintzak hobetzeko borrokan” ari diren Institutuko irakasleek gutuna helarazi diete gurasoei. Bertan, salatu dute “eskola publikoak duen gatazka hau gainditzeko aurrerapausorik” ez dela egon eta Jaurlaritza “esandakoa” ez dela betetzen ari. Testuinguru honetan, Hezkuntza Sailak negoziazio-mahaia deitu du biharko eta Begoña Pedrosa sailburuak proposamen berria iragartzeaz bat, azpimarratu du akordio bat lortzea espero duela. Sindikatuak, berriz, kritiko dira Jaurlaritzaren jarerarekin.

Beste bost egunetako greben atarian, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak negoziazio-mahaia deitu du biharko, eguena. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi duenez, ez dira “negoziazio-mahaitik altxatuko etorkizunera begirako akordio serio bat lortu arte”. Hark gaineratu du Eusko Jaurlaritza “bere esku dagoen guztia” egiten ari dela akordio bat lortzeko eta iragarri du Hezkuntza Saila proposamen berria lantzen ari dela.

Ikasgela bakoitzeko 22 ikasle

Proposamen hori biharko mahaian aurkeztuko dute, “ikasleei arreta hobea bermatu eta emaitzak hobetzeko” asmoz. Dena den, aurreratu dituzte neurri batzuk:

  • Lehen Hezkuntzako ratioak jaistea, ikasgela bakoitzeko 22 ikaslera arte, ikasleei arreta hobea emateko.
  • Ikastetxe publiko guztiek irakasle gehiago izatea, honako hauei erantzuteko: hezkuntza, ongizate emozionala eta iritsi berri diren ikasleen eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen harrera eta erantzuna hobetzea, eta beharrizan gehien dituzten ikastetxeetan indartzea.
  • Hizkuntza-proiektuetarako aholkulari gehiago izatea, ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzen eta arrakalak murrizten laguntzeko.
  • Irakasleentzako bidezko ordainsari-proposamena, eta testuinguru zorrotzenetan edo konplexuenetan lan egiten duten irakasleentzako berariazko errekonozimendua.

Sindikatuak kritiko

Greba deitu duten sindikatuen artean, berriz, oraingoz kritikak dira nagusi. LAB sindikatuak, adibidez, “larritzat jotzen du mahai negoziatzailearen berri hedabideen bidez jaso izana, eta baita balizko proposamen berri baterako edukiak ahoz eta medioen bidez zabaldu izana eta hiru ordu beranduago sindikatuei idatzizko proposamenik helarazi gabe jarraitzea ere”.

Esan dutenez, sailburuak egindako adierazpenen ondoren heldu zaio LABi deialdi ofiziala. Hori horrela, LABek biharko negoziazio-mahaian bere parte hartzea aztertuko du, argi baitu negoziaketarako proposamena medioen bitartez egitea, aurrez sindikatuei inolako idatzizko proposamenik helarazi gabe, “marketing ariketa” bat dela.

Steilas sindikatua ere kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin. Komunikabideetan adierazi dutenez, neurriak idatziz jaso behar dira eta ez ahoz. Gaineratu dute ez dela lehen aldia “neurri batzuez hitz egiten dutena eta gero idatzizko proposamenean agertzen ez direna”. Halaber, Steilari “oso larria” iruditzen zaio Hezkuntza sailak komunikabideen bitartez ematea proposamenaren berri sindikatuekin “inolako kontrasterik egin gabe”.

"Hezkuntza komunitate osoak pairatu"

Biharkoak zer emango duen argitu barik, momentuz, bere horretan segitzen dute greba zein manifestazio deialdiek. Ildo horretan, Soraluze BHI Institutuko zenbait irakaslek gutuna helarazi diete gurasoei, uste baitute “gatazka honen ondorioak hezkuntza komunitate osoak pairatzen dituela”.

Horrexegatik, uste dute “elkarrekin erakutsi” behar diotela “Hezkuntza sailari gatazka hau gainditu eta akordioak lortzeko benetako borondatea” nahi dutela. “Ikasleek ikasturte bukaera egokia izatea merezi eta behar dute, bada garaia gizarte osoari eragiten dion arazo hau konpontzeko”.

Egoerak bere horretan segitzen badu, grebaz aparte, manifestazioak ere egingo dituzte. Esaterako, zapatuan, Donostian egin dute hitzordua eta gurasoak ere gonbidatu dituzte bertan parte har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.