Orain arteko manifestazio “garrantzitsuena” egingo dute Gasteizen

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 6a, 13:52

Datorren maiatzaren 15ean, eguena, gutxieneko pentsioak bermatzeko garatu nahi den Herri Ekimen Legegilearen alde batutako sinadurak entregatuko dituzte Legebiltzarrean. 130.000 sinadura baino gehiago eramango dituzte eta manifestazioa antolatu dute lehenago. Atzoko elkarretaratzean azpimarratu zuten “orain arte” Gasteizen egin duten manifestazio “garrantzitsuena” izango dela eta bertaratzeko deia egin zuten.

Urtarrilean hasi ziren Herri Ekimen Legegilearen alde sinadurak batzen herriz herri eta atzo jakinarazi zutenez, 130.000 baino gehiago batu dituzte.

Sinaduren bitartez lortu nahi dutena da Eusko Legebiltzarreko osokoan Herri Ekimen Legegilea landu dezatela eta noski, alderdien babesa eskuratzea. Herri Ekimen Legegilearen bitartez, berriz, lortu nahi dutena da  gutxieneko pentsioak 1.080 eurora artekoak izateko beharrezkoa den diru osagarria jartzea EAEn.

Gutxieneko soldata propioa

Horrez aparte, astelehenean, beste sinadura bilketa bat hizpide izan zuten: gutxieneko soldata propioa lortzeko euskal gehiengo sindikalak abiatu duena.

Jakinarazi zutenez, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXAIDE sindikatuek abiarazi dute gutxieneko soldata propioa lortzeko Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa. Eta gaineratu zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak “positibotzat jotzen” duela ekimen sindikal hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.