2024an, bi urte bete dira jarduera fisikoarekin lotutako Goazen Soraluze orientazio zerbitzua abiarazi zenetik. Eusko Jaurlaritzaren Euskadi.eus atariak zein Gipuzkoako Diputazioak iazko memoriaren berri eman dute eta bertan jakinarazitako datuen arabera, handitu egin da zerbitzu horren erabiltzaile kopurua zein eskaintza.
Irakurketa orokorra eginez, zerbitzuaren erabiltzaile gehienak emakumeak dira eta anbulatoriotik deribatu dituzte bertara. Esan, baita ere, Goazen Soraluzek eskaintzen dituen zerbitzuen artean, jarduera gidatuak direla arrakastarik handiena dutenak, hain justu, koordinazioa, oreka eta indarra lantzeko egiten diren asteko bi saioek.
Datuak zenbakitan
Hona hemen argitaratutako daturik esanguratsuenak:
- 2024an 55 erabiltzaile berri izan ziren, 38 emakume eta 17 gizon.
- Guztira 75 erabiltzaile izan ziren zerbitzutik pasa zirenak.
- Erabiltzailen guztien %74,5 osasun zentrotik deribatuak izan ziren.
- 122 banakako hitzordu egin ziren.
- Erabiltzaileen %78,2 aktiboa zen zerbitzuan 6 hilabete eman eta gero.
- Astean bi saio egiten ziren astearte eta ostegunetan, koordinazioa, oreka eta indarra lantzeko, eta 16 eta 15 pertsonek parte hartu zuten batez beste bakoitzean.
- Erorikoak prebenitzeko tailerrean 25 pertsonek parte hartu zuten.
- Udal langileei zuzenduta, bizkarra zaintzeko tailerra antolatu zen eta 6 pertsonek hartu zuten parte.
- Asteartero ibilaldi osasungarria egin zen eta batez beste 7 lagun atera ziren ibiltzera.
- Ekainean ibilkera nordikoko irteera antolatu zen 10 pertsonarekin Soraluze eta Osintxu artean.
2024ko erabilera datuak helarazteaz batera, 2025eko plangintza ere aurkeztu zuten. Esplikatu dutenez, iazkoari jarraipena ematea da helburu nagusia baina berrikuntzak ere proposatu dira, zehazki, nagusiei eta gazteei begira.
Nagusiendako zein gazteendako
Nagusiekin lotuta, Garuneko Gimnasia izeneko jarduera nahi dute abiarazi. Gazteekin lotuta, berriz, Soraluze BHI ikastetxea Eusfit Mugiment ekimenera batzeko urratsak emango dira, Soraluzeko gazteen sasoi fisikoa neurtzen hasteko.
Goazen Soraluze jarduera fisikoko orientazio zerbitzua 2023an jarri zuten martxan. Anje Eskarza adituak gidatzen du berau eta honako jarduerak eskaintzen ditu Soraluzen:
- Orientazio bulegoa, martitzenetan eta eguenetan kiroldegian eta hamabostean behin anbulatorioan.
- Koordinazioa, oreka eta indarra lantzeko astean bi saio, kiroldegian.
- Ibilaldi osasuntsuak astean behin.
- Tailerrak (2024an):
- Erorikoak prebenitzeko
- Bizkarra zaintzeko
- Ibilkera nordikoko irteera
Goazen Soraluzek elkarlanean dihardu Soraluzeko Osasun Zentroarekin, Udaleko Kirol Sailarekin eta Gizarte zerbitzuekin, Itxaropena Erretiratuen Elkartearekin, Diputazioarekin eta Mugiment sarearekin.