Gaurtik jaso daitezke Euskaraldirako txapak

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 5a, 11:39

Euskaraldiaren txapak Pil-pileanen.

Gaur hasi eta maiatzaren 15era bitartean har daitezke Euskaraldiaren Belarriprest edo Ahobizi txapak. Bi bide daude horretarako, Kontzejupean jarriko den mahaian eskuratzea edo goizero, Pil-pilean Euskaltzaleen Bulegoan hartzea. Txapak eskuratu arren, maiatzaren 15etik aurrera jantzi beharko dira, Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan. Era berean, oraindik zabalik dago Euskaraldirako izena emateko aukera.

Iritsi dira Euskaraldiaren txapa koloretsuak. Izan ere, datorren astean, maiatzaren 15ean hasiko da Euskaraldiaren 4. edizioa.

Txapak jasotzeko, arratsaldero, mahaia egongo da Kontzejupean eta goizero, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartean ere jaso ahalko dira.

Txapekin batera, Euskaraldiaren oinarriak esplikatzen dituzten liburuetarako orri-markagailuak emango dituzte, eta,  H letra duen pegatina ere bai, hitanoaren erabilera praktikatzeko aukeran parte hartu nahi dutenei, txapan itsasteko.

Txapa jaztearen garrantzia

Arianne Unamuno Euskaraldiko dinamizatzaileak ariketak iraungo duen 11 egunetan txapa janztearen garrantzia azpimarratu du: “Ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea. Txapa jantzita daramanak euskaraz ulertzen duela eta elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izateko prest dagoela adierazten du. Horrek laguntzen du hiztun elebidunok, euskaldunok, sentitu ohi dugun “estres linguistikoa” ezabatzen. Txapak mezu argia ematen dio aurrean dugunari “nirekin egizu euskaraz!” eta horrek ateak zabaltzen ditu euskaraz egiteko baldintzarik onenetan, lasaitasunez”.

Azken batean, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak egitea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.