Hamar urte egin eta gero, zer daukazue ospatzeko?
Ospatu nahi dugu hamar urte bete ditugula eta gure bezeroei esker lortu dugula jarduera honetatik bizitzea. Horrekin batera, ospatu nahi dugu Belaitzek zerbitzua eta laguntza eskaintzen diola bailaran lehen sektorean diharduten baserritar eta herritarrei.
Nolakoak izan dira hamar urteok?
Sekulako esperientzia. Gogorra ere bai, batez ere, hasieran, lan hau beste lan batzuekin uztartu behar izan genuelako. Hasiera hartan ezinezkoa zirudien eta hamar urteren ostean, hemen gaude. Lehen hobbya zena, orain ofizio da eta bokazio ere bai. Oso zortedunak sentitzen gara.
Hasieran produktu gutxi batzuk genituen eta orain badugu barietatea elikagaietan, erremintetan… Adibidez, orain hasi gara makinaria arloko zerbitzua ere eskaintzen, bai salmentak baita konponketak ere, Anova etxearen bitartez.
Nongoak dira bezeroak?
Jende gehiena bailarakoa da: Bergara, Arrasate, Elgeta, Elgoibar, Eibar… Baina badira urrunagokoak ere: Bolibar, Azkoitia, Zumaia… Bailara arteko bidegurutze batean gaude eta hemendik milaka pertsona pasatzen dira egunean. Belaitz baserritarren elkargune bihurtu da.
Zer eskatzen dizuete gehien?
Animalientzako elikagaiak, pentsuak… Hori beti eta gainerakoa kanpainaka joaten da. Adibidez, neguan ganadua barruan dago eta janari gehiago behar du, fruta-arbolak sartzeko garaia da, patata eta tipulak ortuan... Udaberriarekin datoz ortuko gainerako landare guztiak, erremintak...
Abuztuan ere zabalik izaten duzue?
Bai. Orain, baserritarren erritmora bizi gara eta horrek eskatzen du abuztuan ere lan egitea.
Maiatzean ospakizun txiki bat egingo duzue.
Bai, maiatzaren 3an, luntx txiki bat eskainiko dugu. Ideia da zapatu goizean zehar datorrenari pintxo eta edari batzuk eskaintzea, bezeroei eskerrak emateko, besterik gabe.