Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordeak jakinarazi duenez, apirilaren 29rako 260 plazentziatar daude izena emanda, %70 Belarriprest eta %30 Ahobizi eta espero dute datozen asteetan beste herritar mordoxka bat bat gehitzea.
Entitateei dagokienez, gaur-gaurkoz, 23 entitatek eman dute izena, tartean, kultur eta kirol taldeek (Abesbatza, txistulariak, Pil-pilean, errugbi taldea, Sora, pilota, dantza, musika eskola, Arrano elkartea), hezkuntzako eragileek (Atxolin, Keixeta, BHI, HHI, Haurreskola, AEK), merkatariak (Bizikale), lantegiek (Industrias Gol) eta bestelakoek (Gure Esku, odol-emaileak, Udala, Mesedeetako egoitza). Entitateek sustatzaile lana egingo dute euren kideen artean, ariketan parte hartzera animatuz.
Txapen banaketa
Belarriprest eta Ahobizi txapak maiatzaren 5etik 15era bitartean eskuratu ahalko dira, bi bidetatik: Egunero eguerdian edo arratsaldean Kontzejupean ezarriko den mahaian edota goizero, 9:00etatik 14:00etara bitartean, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen bulegoan.
Egitaraua:Txupina, Mintzodromoa...
Maiatzean zehar, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Euskaraldiari lotuta. Maiatzaren 15ean, Euskaraldia hasten den egunean, hasierako ekitaldia egingo dute Plaza Barrixan. 18:30etik aurrera, aukera eskainiko dute herritarrek idatz ditzaten euren hizkuntza-helburuak eta 19:00etan txupina jaurti eta txapak jantziko dituzte elkarrekin. Ostean, txistulariak eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale.
Egun horren aurretik eta ostean, euskarazko hainbat kultur ekitaldi egingo dira (mural eta kutxa margoketa, ihes gela, jolas saioa, Azken erromantikoak filma, irakurketa irekia, ginkana, zirku ikuskizuna...) eta tartean, euskaraz egiteko eta hizkuntza biografiak elkarbanatzeko hitzordu berezi bat ere bai: Mintzodromoa. Maiatzaren 19an, astelehenez, egingo da, arratsaldeko 15:00etan, Frontoian. Eguna eta ordua propio aukeratu dituzte nerabeen berbalagun taldeek eta harrera linguistikoko kideek parte har dezaten baina ekimena irekia izango da parte hartu nahi duenarentzat.