Euskaraldia Hika eta afari-meriendak Allegroan

Egoitz Unamuno 2025ko api. 30a, 07:00

ZirHika taldeko kideak Donostian ekimena aurkeztu zuten egunean. Iturria: Ahotsak.eus.

Aurten, bada nobedade bat: Euskaraldia Hika, hitanoaren erabilera bultzatu nahi duen ekimena. ZirHika taldeak (argazkikoak) eta Taupak bultzatuta, ekimenean izena eman duten 83 herritan (tartean da Soraluze), hala aukeratzen duten herritarrek, hitanoa (noka eta toka) praktikatzeko ariketa egin ahalko dute Euskaraldiak irauten duen hamaika egunetan. Soraluzen hika afari-meriendak ere antolatuko dituzte. 

Euskaraldia Hikan parte hartu nahi duenak izena ematerako momentuan adierazi beharko du bere nahia eta ostean, bere Belarriprest edo Ahobizi  txapa jasotzearekin batera H pegatina jasoko du txapari itsasteko. Batzordetik zehaztu dutenez, parte hartzeko ez dago hika jakin beharrik, nahikoa da entzuteko edo egiteko gogoa izatea. 

Hika afari-meriendak

Soraluzeko Batzordeak, herri moduan izena emateaz gain, hitzordu bereziak antolatu ditu herriko hikazaleak batu eta hitanoa praktika dezaten: Hika afari-meriendak. Hala, bi afari-merienda egingo dituzte maiatzeko bi barikutan, 9an eta 23an, 19:00etatik 20:00etara (luzatzeko aukerarekin), Allegro elkartean. Bertan, ariketak eta jolasak eginez aukera eskainiko dute elkarrekin hitanoa ikasi eta praktikatzeko.

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena 601602347 telefonora deituta edo idatzita (Pil-pilean).  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.