Jubenilek bizirik eusten diote mailaz igotzeko aukerari

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 19a, 09:05

Liga bukatzeko lau partida falta direnean, Sorako Jubenilek bizirik eusten diote gorengo mailara igotzeko aukerari. Gaur gaurkoz, 6. doaz sailkapen orokorrean eta lehen lau ekipoak igoko dira kategoriaz. Kontua da puntu gutxiren aldea dutela sailkapeneko 12 bat taldek eta Jokin Arrillaga entrenatzaileak azpimarratu duen moduan, falta diren partidak banaka-banaka joan beharko dira ikusten. Bideoan ikusgai jubenilek etxean jokatutako azken partidako golak eta zenbait gol aukera. 4-0 irabazi zioten Urnietari.

Bero-bero dago Jubenilen mailako Liga txapelketako sailkapena. Sorakoak 6. doaz sailkapen horretan, jokatutako 11 partidetatik 5 irabazi eta hiruna galdu eta berdindu ondoren. Lau norgehiagoka bakarrik geratzen zaizkie Liga amaitzeko, eta, posible da azken unera arte ez jakitea zeinek eskuratuko duen gorengo mailara igotzeko txartela.

Jokin Arrillaga entrenatzaileak esplikatu duenez, sailkapeneko lehen 12 taldeek puntu gutxiren aldea dute elkarrengandik. Adibide modura, Sorak 18 puntu ditu eta sailkapeneko lehenengoak, Mondrak 22 puntu. Horrez aparte, zenbait talde ezin dira mailaz igo nahiz eta puntu nahikoa lortu, goiko mailetan filialak dituztelako.

"Aukerak bai, erraza ez"

Hori guztia kontuan hartuta, Arrillagak azpimarratu du banaka-banaka joan behar direla ikusten geratzen zaizkien partidetan gertatzen dena. “Aukerak badaude, baina erraza ez da izango. Falta direnetatik, hurrengo partida jokatuko dugu kanpoan, Danenaren kontra. Gero etxean dugu hitzordua Amara Berriren kontra. Gero kanpoan, Mondraren kontra eta etxeko bestea, berriz, gure azken partida izango da, Tolosaren kontra. Golaverajea ere inportantea izango da, ez baitago joan-etorriko partidarik”.

Orain dela hiru urte sortu zuen Jubenilen Gorengo maila, Kadeteen Gorengo mailarekin batera. Sorako Jubenilen kasuan, maila berria sortu eta lehen urtean bertan lehiatu ziren.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.