Avanzako autobusen greba bertan behera laga arren, ELAk ohartarazi du “gatazka” ez dela amaitu

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 16a, 15:30

Bertan behera laga dute jai-egunotan egitekoak ziren Avanza autobus enpresako langileen greba. ELA sindikatutik esan dutenez, ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek bertan behera utzi dute greba, “enpresak legez kanpoko grebatzat hartzeko mehatxua egin ostean”. Horrekin batera, ohartarazi dute “gatazka ez dela amaitu” eta ez dute baztertzen greba mugagabera jotzea.

ELA sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, Avanza enpresak mehatxu egin die bihar hastekoa zen greba ilegaltzat deklaratuko zuela, grebaren berri behar besteko denborarekin ez ematearren.

Sindikatuak gezurtatu egin du enpresak esandakoa, salatuz “inpugnazio horren atzean langileak beldurtzeko eta grebari boikota egiteko asmoa baino ez dagoela”.

Enpresak berak eman zuen grebaren berri

Gaineratu duenez, enpresa langileen asmoen jakitun zen; horren adibide, “enpresak berak greba egunen berri” eman zien erabiltzaileei bere webgunean. Gaur ia eguerdira arte, gipuzkoa.avanzagrupo.com webgunean ikusgai izan dira enpresak greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak, Plaentxia.eus atarian argitaratuta daudenak.

Edozelan ere, “azken unera arte greba horren legezkotasuna defendatu ondoren, eta LABek eta Aurrerak greba bertan behera uztea erabaki ondoren, ELAk erabaki berbera hartu du, langileen artean zatiketa eta nahasmendurik ez sortzeko”.

Greba mugagabea

Beraz, datozen egunotan, normal ibiliko dira Avanzako (Lurraldebus) autobusak, baina Avanzan gehiengoa duen sindikatutik ohartarazi dute “gatazka” ez dela amaitu eta “deialdi berriak” egingo direla. “Are gehiago, greba mugagabearen aldekoa” izango da ELA sindikatua.

Horrekin batera, ELAk “oso larritzat jotzen du” enpresaren jarrera, “negoziazioa geldirik egonda, plantillaren gehiegizko lanaldia hobetzeko proposamenik aurkeztu gabe, bere estrategia grebak boikotatzera mugatzea, oinarrizko eskubide bat urratuz”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.