Arazo teknikoak Plaentxia.eus webgunean, Espainiako futbol ligak agindutako blokeoen ondorioz

Erredakzioa 2025ko api. 16a, 12:39

Azken orduotan arazo teknikoak izaten ari dira Plaentxia.eus-en zein TOKIKOM Plataforma erabiltzen duten beste 30 webguneetan. Zehazki, webguneak bisitatzeko erabiltzen den gailuaren eta internet operadorearen arabera, azaleko orriko irudiak eta multimedia elementuak ez dira ondo kargatzen, eta webgunea, ondorioz, desitxuratuta azaltzen da.

Arazoaren jatorria Espainiako futbol liga kudeatzen duen LaLiga elkarteak hartutako neurri judizial batean dago. Zuzeneko partiduen erretransmisio piratak ekidin eta bere etekin ekonomikoak babesteko, LaLigak bere esku duen ebazpen judizial bat exekutatzeko eskatu zuen otsailaren hasieran. Ebazpen horren arabera, internet hornitzaileak behartuta daude Ligako partida bat dagoen bakoitzean IP edo helbide tarte zabal bat blokeatzera, partiden baimenik gabeko erretransmisioak eragozteko. 

Helbide horien artean daude hainbat eta hainbat webguneri zerbitzua ematen dien Cloudflare zerbitzuak erabiltzen dituenak. Hala, futboleko enpresa handien mozkinak babesteko, Espainia osoan 160.000 webgune inguru kaltetzen ditu blokeoak, futbolarekin eta eduki piratekin zerikusirik izan ala ez. Kaltetutako webgune horien artean daude TOKIKOMeko guztiak, Berriketan.eus barne, eta Berria.eus edo Egunean Behin aplikazioa bezalako beste zerbitzu batzuk. Cloudflare enpresak epaitegietara eraman du LaLigaren jokaera, “gehiegizkoa eta zentzugabea” delakoan. 

Plaentxia.eus herri komunikabideak barkamena eskatu nahi dizue blokeoa pairatzen ari zareten erabiltzaile guztioi. TOKIKOMeko eta Plataformaren zerbitzua mantentzen duen CodeSyntax enpresako talde teknikoak lanean ari dira arazoari aurre egiteko, baina ez dago alternatiba tekniko askorik ebazpen judiziala aldatzen ez den bitartean. Bien bitartean, arazoa duzuen erabiltzaileok VPN zerbitzuren bat erabil dezakezue, zuen konexioa Espainiako Estatutik kanpokoa dela simulatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.