'Berdintasuna' dioen murala marrazten hasi dira

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 15a, 11:00

Soraluze BHI Institutuko Aniztasun Kurrikularreko programako ikasleak murala margotzen hasi dira Arane kiroldegiko kanpoko aldean, Baltegieta alderako paretean. Atzo, astelehena, muralaren diseinua egin zuten institutuan, Mikel Larrañaga REMAK eta Jokin Oregi Sortwo muralgileen gidaritzapean. Eta gelan landutakoa gaur eta bihar marraztuko dute paretean. Berdintasuna ipiniko du. 

Oharra: gaizki-ulertze bat tarteko, gaur goizean, brigadako langileek borratu egin dute Institutuko ikasleak kiroldegiko eskailerapean marrazten ari ziren murala, pareta berriro ere zurituz. Ondorioz, proiektua aurrerago egingo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Eskola ekimenaren baitan ari dira murala margotzen Araneko paretean. Eneritz Muguruza Institutuko zuzendariak esplikatu duenez, Diputazioko ekimen horren baitan tailer eta ekintza mordoa egiteko aukera dago. Lehenago, euskararekin lotutako tailerra egin zuten eta orain, murala egitea aukeratu dute, gazteei “zerbait desberdina” egiteko aukera eskaintzeko.

Muralari dagokionez, bi muralgileren gidaritzarekin dihardute guztia egiten. Atzo, muralaren diseinua egin zuten institutuan, Mikel Larrañaga REMAK eta Jokin Oregi Sortwo muralgileen gidaritzapean. Gaur marrazten hasi dira eta bihar bukatuko dute.

Bi muralgileek esplikatu dutenez, murala eginez, esparru artistikoa lantzeaz aparte, gazteek aukera dute ikusteko beste lanbide batzuk ere badaudela, kasu honetan muralista izatea. Are gehiago, aukera dute ikusteko posible dela hobbie bat lanbide bilakatzea, Mikel Larrañagak eta Jokin Oregik egin duten moduan.

Oregik, Ikus-entzunezko ikasketak egin arren, bederatzi urte daramatza muralgile modura; adibidez, Soraluzeko skate-parkeko murala berarena da. Larrañagak, berriz, arkitektura ikasketak izan arren, bost urte daramatza muralista izaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.