Mobilizazio bikoitza eginda, atseden hartuko dute pentsiodunek

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 14a, 09:29

Gaur, astelehena, ez da pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzerik egingo, udaberriko oporren ostera arte, atseden hartu baitute. Hori bai, mobilizazio bikoitza eginda hartu dute atsedenaldia, Soraluzen ez ezik, Eibarren ere izan baitziren joan den asteko manifestazioan. Bestalde, esan zuten Herri Ekimen Legegilearen alde 110.000 sinadura baino gehiago lortu direla dagoeneko, baina sinadurak batzen segituko dutela, baita Soraluzen ere, eta maiatzaren 15ean aurkeztuko dituztela Legebiltzarrean.

Mobilizazioak eginez eta mobilizazioak iragarriz joan dira udaberriko oporretara pentsiodunen mugimenduko kideak. Joan den astean, Soraluzen ez ezik, Euskal Herriko hiriburuetan eta Eibarren egindako manifestazioetan ere parte hartu zuten, Soraluzeko ordezkaritzaren kasuan, Eibarko mobilizazioan.

“Pentsio eta gutxieneko soldata justu eta nahikoaren alde” mobilizatu ziren, gogora ekarriz “ehunka mila” direla “oinarrizko beharrak bete ezin dituzten euskal herritarrak. Pentsio baxuak edo eskasak jasotzen dituzten pentsiodunak; eta estatu mailan ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) duten langileak, bizitzaren kostuari aurre egin ezin diotenak”; halaber, jakinarazi zutenez, alargunen euskal federazioak ere berriki adierazi du “pentsio gehienek ez dutela bizitzeko ematen, eta ikusezin daudela”.

Soraluzeko mobilizazioan, berriz, Herri Ekimen Legegilearen alde egiten ari diren sinadura bilketa izan zuten hizpide, esanez, dagoeneko 110.000 sinadura baino gehiago lortu direla eta iragarriz sinadurak batzen segituko dutela; horretarako mahaiak jarriz udalerrietan, baita Soraluzen ere. 

Sinadura horiek guztiak maiatzaren 15ean aurkeztuko dituzte Gasteizko Legebiltzarrean, "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pentsiodunen manifestazio indartsu baten babes eta bermearekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.