Handia egin zuen Sorako nagusien mailako taldeak atzoko partidan, 0-2ko kontrako emaitza erremontatu eta maila mantentzeko aukerari bizirik eutsi.
Gogotsu zelairatu ziren etxeko mutilak eta erasoan jardunda, aukerak ere izan zituzten lehen zatian. Baina, 39. minutuan, Lazkaok gola sartu zuen falta baten tiroa Sorakoen hesipetik joanda. 0-1ekoarekin iritsi ziren atsedenera.
Bigarren zatian, Sora amore eman barik zelairatu zen, berezkoa duen estiloan. Baina Sorakoen baloi galera bat aprobetxatu eta 0-2koa egin zuen Lazkaok, gol ederrarekin, gainera.
Burua tente
Minutuak aurrera zihoazen eta panorama iluna zen etxekoendako, baina hala ere, Sorako mutilek ez zuten burua makurtu eta halako batean, Barrutiaren eskutik iritsi zen itxaropenerako izpia, 59. minutuan. Hark gol bilakatu zuen falta baten jaurtiketa, ostikokada gogor bezain bikainarekin.
Indarberrituta ekin zion partidaren azken minutuei Sorak eta etorri zen haien bigarren gola, eder bezain ikusgarria, boleaz, Antxon Zubiaurrek sartuta, 84. minutuan.
Hortik aurrera, erasoan jarraitu zuten etxeko mutilek, luzapenean egonda ere, ahalegina eginez gogotik. Eta alboko sake batean, Lazkakoko atezainari baloiak ihes egin eta ate barrura sartu zen, Sorari 3-2koa emanez.
Emaitza horri esker, orain Sorak eskuragarriago dauka maila mantentzea. Hiru partida gelditzen dira txapelketa bukatzeko eta hirurak irabazi behar ditu. Datorren asteburuan Lagun Onak-en kontra jokatuko dute, zuzeneko arerioa dute hura sailkapenean, eta haien etxean dute hitzordua, gainera. Baina ahaleginduko dira. Hori seguru.