Atzo arratsaldean, kanpotik etorritako jende asko zebilen kalean eta somatzen zen gaueko boxeo jaialdiaren tiradizoa. Halaxe baieztatu zen gero, guztira, hirurehun pertsona baino gehiago batu baitziren kiroldegiko frontoira, boxeolarien arteko norgehiagokak ikustera.
Gaueko bederatziak aldera abiatu zen jaialdia, traje diztiratsuz jantzita ringeratu zen aurkezle profesionalaren pasiozko berbekin eta publikoaren berotasunarekin.
Mohcine Gipuzkoako txapeldun
Lehen borrokaldia, Mohcine El Kabouri jatorriz Er-Rachidíakoa (Maroko) den plazentziatarraren eta Axel Agilar oreretarraren arten jokatu zen. Bi gazteek, 54 kilotik beherako gazteen Gipuzkoako finala jokatu zuten eta hiru asaltoen ostean, plazentziatarra gailendu zen, titulua eskuratuz.
Bigarren eta hirugarren borrokaldietan ere, Gipuzkoako tituluak izan ziren jokoan, 60 eta 63 kilotik beherako kategorietakoak. Lehenengoan, Maddy Diame kubatar jatorriko zumaiarra gailendu zitzaion Carlos Fernandez venezuelar jatorriko irundarrari.
Aaron eta Yanguas mendean hartu zituzten
Laugarren borrokaldian ez zegoen titulurik jokoan baina Aaron de Santa Ana plazentziatarra gogotsu agertu zen ringera, megafoniatik entzuten zen musikaren erritmora mugituz, bere lehen borrokaldia jokatzera. Aurrean, beste debutante bat izan zuen, Josu Ibai Iantzi jatorriz Dominikar Errepublikakoa den gasteiztarra eta plazentziatarra ahalegindu zen arren, aurkariak mendean hartu zuen, garaipena ebatsiz.
Ostean jokatu zituzten beste lau konbate eta horietako bat kao ikusgarri batez ebatzi zen, izan ere, Andoni Kortabarria Barroso bergararra, ezustean, lurrera jausi zen ziplo, Endika Arrieta gasteiztarrak sabelaldean emandako kolpe indartsu baten ostean.
Handik laster etorri zen hamargarren eta azken borrokaldia, Imanol Ortiz bilbotarrak eta Unai Yanguas plazentziatarrak jokatu zutena. Biek ere euren kirol bilbideko bigarren borrokaldia zuten atzokoa eta zenbait momentutan paretsu samar zihardutela eman zuen arren, azkenean, bilbotarra gailendu zitzaion plazentziatarrari. Hori bai, emaitza jakin ostean, publikoaren babesa jaso zuen Unaik, batez ere, armailetan "Unai egurra!" pankarta zintzilikatu zuten lagunek partetik.
Azken konbatea amaituta, gaueko hamabiak aldera atera zen jendea kiroldegitik, euretako asko (idazten ari zaizuen hau tartean), kirol ikuskizun eder bat ikusi izanaren sentsazioarekin.