Indarberrituta egingo dio aurre Sorak gaurko hitzorduari

Ander Gomez 2025ko api. 12a, 07:50

Etxetik kanpo irabazita, bost gol eta hat-trick bat lortuta, atea hutsean mantenduta... halaxe amaitu zuen pasa den asteko jardunaldia Sorako Gorengo mailako taldeak. Motibazio estra horrekin zelairatuko dira gaur Ezozin, beste hiru puntu egin eta denboraldia amaitu aurretik azken postuetatik aldentzea lortzeko. Bideoa eta argazkia: Soraluze F.T.

Jardunaldi eta talde guztiak kontuan hartuta, denboraldiko etxez kanpoko emaitzarik onena lortu zuen Sorak pasa den asteburuan: 0-5 markagailuan bukatu zuen Seguraren kontrako partida. Guzti hori, gainera, lehen zatian 10 jokalarirekin geratuta, epaileak Beñat Arini txartel gorria atera ostean. Gol bana sartu zuten Markel Gilek eta Oihan Larrañagak —azken honek penaltiz, partida amaitzear zela—, baina benetan nabarmendu zen jokalaria Antxon Zubiaurre izan zen, gainontzeko golak sartu eta hat-trick-a lortuz.

Gaur, apirilaren 12an, etxean daukate hitzordua Sorako mutilek. Lazkao K.E. hartuko dute Ezoziko futbol zelaian, 16:30ean. Lazkaotarrak sailkapenean Sora baino gorago (erdigunean) dauden arren, bolada txarra izan dute azkenaldian: Jokatutako azken bost partidak galdu dituzte, bai kanpokoak (2), bai etxekoak (3). Aurkariaren momentuko ahultasuna eta pasa den asteko emaitzak ekarritako indarberritzea aprobetxatu beharko ditu Sorak gaurkoan, sailkapenean gora egin eta behingoz salbu egotea lortzeko.


Gainontzeko taldeen hitzorduak (aurkaria, tokia, ordua) Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.