Gaur goizean, Gabolatseko zubi berriko obretara bisita luzea egin dute Eusko Jaurlaritzako, URA Agentziako eta Soraluzeko Udaleko ordezkariek. Haiekin batera izan dira, besteak beste, obra egiten dabilen Moyua enpresako obra burua, URA Agentziako bestelako arduradunak zein Soraluzeko Udaleko oposizioko buru Iker Aldazabal.
Burgostik ekarri duten zubirako azken pieza iritsi eta gutxira prentsaurrekoa eman dute hiru ordezkari politikoek.
"Bestelako instituzioen bidelagun"
Unai Larreategi alkateak hartu du hitza lehenengo. Hark nabarmendu du “garai garrantzitsuak” izaten ari direla Soraluzerako, “hainbat inbertsio handi aurrera” eramaten ari direlako, eta, Gabolatseko zubia dela horren adibide. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie obra finantzatu duten erakundeei, inbertsio horien garrantzia nabarmenduz.
Ildo beretik, alkateak esan du inbertsio horietako batzuk egin direla, beste batzuk egiten dihardutela eta beste “hainbat apustu estrategiko ere bidean badatozela”, eta, ahaleginduko direla “udal mailan, herri mailan, akordioekin bide ematen estrategikoak diren herria eraldatzeko planei”, bestelako instituzioekin “bidelagun” izaten.
Uholde arriskua
Segidan, URA Agentziako zuzendari nagusi Asier Lopezek egin ditu adierazpenak. Hark adierazi du Soraluze dagoela kontsideratuta Uholde Arrisku Handiko Eremu. Esan du eremua batez ere etxebizitzez inguratuta dagoela eta horrexegatik egin behar direla arriskua saihesteko aktuazioak. Haren esanetan. estatistikoki Soraluzen aurreikusitako kalte material “esanguratsuak” dira; ekonomikoki 1,6 milioi euro urtean eta 209 herritar kaltetuta.
Orain egiten ari diren obraren harira, jakinarazi du zubi berriarekin -bao bakarrekoa-, Gabolatsetik plazako presara bitarteko ur lamina 20 zentimetrotan gutxitzea lortuko dela.
Lopezek esplikatu duenez, zubia altairuz eginda dago, inbertsio eta mantenu aldetik materialik egokiena berau delako. Egitura ere berezia duela adierazi du, bistara ez die trabarik egingo ondoko bizilagunei, eta zubiaren bi aldeak banatuko ditu, hau da, ibilgailuen joan-etorria oinezkoen joan-etorriarengandik.
Presak ur igoarazle
Lopezen esanetan, orain egiten ari diren obra hori “beharrezkoa” da, baina, Soraluzeren ezaugarriak kontuan hartuta, nabarmendu du berak bakarrik ezin duela herrian dagoen uholde arriskua konpondu. Lopezek esan duenez, “beste elementu batzuk daude uholde arriskuan eragiten dutenak, azudak -presak-, ur lamina nabarmen igoarazten dutenak. Azaldu duenez, Soraluzen, ufala datorrenean, bi metro baino gehiago egiten du gora ur-laminak, beraz, lana dagoela benetan pertsonak babestu nahi badira, ur-lamina gutxitu nahi bada, azud horietan aktuatu egin behar dela azpimarratu du Lopezek.
Irailerako gertu
Azkenik, Ingurumen Sailburuorde Josu Bilbaok egin du berba. Adierazi du Soraluzerendako aste berezia izaten ari dela honako hau, zubi berria hasi delako itxura erakusten eta jakinarazi du urtarrilean hasitako zubia irailerako gertu izango dela.
Bilbaok zubiaren ezaugarriak partekatu ditu: 37 metroko argia dauka, bao bakarra, 80 tonako pisua eta ibilguan euskarri bakoa izango da. Inbertsioari dagokionez, berriz, 1,8 milioi eurokoa izango da.
Bilbaok ere nabarmendu du zubi berriaren helburua dela uholdeei aurre egitea eta esan du prestatu egin behar delaa badatorren klima aldaketaren aurrean. Bilbaoren esanetan, bide horretan, 2021etik 2024ra, URAk 167 milioi euro inbertitu ditu uholdeak izateko arriskua murrizteko obra hidraulikoetan eta bide beretik, 2028ra bitartean beste 128 milioi euro inbertituko dituzte.