Oreka Art Gallery

Federico Echevarria bilbotar artistaren “dibertimentuak” Oreka Art galerian

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 6a, 09:05

Federico Echevarria Sainz artistak (Bilbo, 1944) mugimendua bilatu nahi du bere obrekin, dinamismoa transmititu ikusleari. Argia eta koloreak ere baditu lagun bere kreazioan eta ofizioz arkitektoa den artistak lanbide horretan erabilitako teknikak eta materialak ere plasmatzen ditu bere artelanetan. Barikuan azaldu zuen hori guztia, besteak beste, Chillidarekin lan egin zuen Federico Echeverriak Oreka Art galerian. Apirilaren 29ra arte ikusgai ikusgai izango da bere obra oparoaren mostratxo bat Soraluzen.

Arkitekto eta margolari familia batean jaioa, txikitatik artistez eta haien lanez inguratuta hazi eta hezi zen Federico Echevarria. Haren familian, Unamuno, Baroja, Valle Inclán eta sasoiko bestelako artistekin harremana izan zuten.  Echevarriaren kasuan, Chillidaren obren enkofratuak eta testuren-eta azterketak berak egin zituen, besteak beste.

Halako iturrietatik edanda, Echevarriak berak, 40 urte eskaini dizkio lanbide izan duen arkitekturari mundu zabalean; esaterako, Madrilen 120 edifizio dira berarenak, Castellanako hainbat tarteko; eta, sariduna ere bada bere ofizioan.

Pintura, grabatuak, eskultura…

Arte sorkuntzari dagokionez, orain, libreago dela, denbora gehiago eskaini ahal dio berarendako dibertimendua den arteari. Diziplina ugari darabil bere buruan dauden artelanak gauzatzeko, pintura, eskultura, serigrafiak, grabatuak eta beste.  Eta gauza bera egiten du materialekin zein teknikekin ere, brontzea, metala, metakrilatoa, zementua, kartoia, arkitekturan aplikatzen direnak…abaniko zabala ikus daiteke bere obretan.

Bada, horrekin guztiarekin landutako obraren mostra txiki baina oparoa jarri du ikusgai Oreka Art galerian. Eskulturetako batzuk, adibidez, eskala txikian sortzen ditu Echevarriak eta ordenagailuaren laguntzaz eskala handitu eta tamaina oso handikoak bihurtzen ditu, plazetan eta espazio handiagoetan jartzeko. Oreka Arten ikusgai daude maketa horietako hainbat.

Beste eskulturetako batzuk, berriz, norberak nahi duen posturan jartzeko daude sortuta, beste batzuk taktoaz gozatzekoak dira eta beste batzuetan koloreak aldatuz doaz, argiarekin egiten duten jolasen arabera. “Argia elementuaren barruan sartzen ahalegintzen ari naiz, adibidez, mugimendua, gardentasuna… guztia paretean, espazioan proiekta dadin”.

Koadroei dagokienez, batzuk Lisboako Serigrafia Zentro Nazionalean egindakoak dira, beste serietako batean grabitazioak ikus daitezke, collager modukoak ere badaude, arkitekturako teknikekin egindakoak ere bai eta ikusgai daude, baita ere, bere aitaitak eta aitak egindako artelanetako batzuk, Oreka Artera propio ekarri ditu erakusteko.

Apirilaren 29ra arte izango da ikusgai Federico Echevarria Sainz artistaren lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.