Apirilaren 11n, 20:30ean zabalduko dituzte Araneko ateak boxeo gaubelarako eta 21:00etan hasiko da ikuskizuna. Ringean izango dira Soraboxeko 6 boxeolari Anton Vazquez, Unai Yanguas, Antxon, Mou, Korta eta Aaron. Haiek aurkari izango dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako zein Kantabriako boxeo eskoletatik bertaratuko diren boxeolariak.
Hiru final eta debutak
Denetariko osagaiak izango ditu Soraluzeko hitzorduak. Batetik, Gipuzkoako txapelketako hiru final izango dira jokoan. Mouk jokatuko du 54 kilotik beherako gazteen finala Errenteriako Axelen kontra eta Anton Vazquezek, berriz, 60 kiloko finala –aurkaria oraindik erabakitzeke dago-. Horrez aparte, 63 kiloko finala ere jokatuko da Soraluzeko hitzorduan.
Bestetik, Unai Yanguas soraluzetarrarendako herriko debuta izango da eta Aaronendako, berriz, boxeoan egingo duen debuta.
Ohi denez, hiru minutuko asaltoak izango dira oinarri.
Ixa Rodriguez Soraboxeko arduradunaren eskutik dator boxeo gaubela. Eta dagoeneko sarrerak eskuragai daude Gila eta Gaztelupe tabernetan, 20 euroan. Dena den, egunean bertan ere erosi ahalko dira leihatilan, 25 euroan. Gaubelaren aurreko pisaketa saioa Gila tabernaren kanpoko aldean egingo dute, 19:00etan.