Gaur, zaintza-lanak handitu egin zaizkie Soraluze BHI Institutuan, ze hezkuntza ez unibertsitarioko irakasleak egiten ari diren grebaren baitan, gaur institutuko irakasleen %70,72ak bat egin du deialdiarekin -atzo %32ak egin zuen bat-.
Plaentxi Eskolan, berriz, atzoko moduan, irakasleen erdiak babestu du protesta.
Jarraipen orokorrari dagokionez, sindikatu deitzaileen arabera -ELA, LAB, Steilas eta CCOO- atzo irakasleen % 75ek egin zuten greba. Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, grebak % 46ko jarraipena izan zuen.
Mobilizazioak
Greba egiteaz bat, mobilizazioak egiten ere ari dira irakasleak. Esaterako, atzo Bilbon mobilizatu ziren, Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik abiatuta. Sindikatuek, bestea beste, gogora ekarri zuten 15 urte daramatzatela lan hitzarmena eguneratu gabe.
Gaurko, berriz, hiru manifestazio dituzte antolatuta: Bilbon, Arriaga plazatik abiatuta; Gasteizen, Bilbo plazatik hasita; eta Donostian, Bulebarretik aterata.
Bihar asteko azkena
Bihar, eguena, izango da aste honetako azken greba eguna, baina aldaketarik ezean, datorren asteko martitzenerako eta eguaztenerako ere greba deialdiak eginda dituzte sindikatuek. Guztiak eginez gero, urtea hasi zenetik 17 greba-egun egingo dituzte irakasleek.