Eskolan %50eko jarraipena eta Institutuan %32ko jarraipena grebaren lehen egunean

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 25a, 11:43

Gaur, martxoak 25, irakasleei zuzendutako bost greba egunen lehena egiten ari dira. Otsaileko grebak baino jarraipen apalagoa izaten ari du lehen greba egunak, %50ekoa Plaentxi Eskolan eta %32koa, berriz, Institutuan. Azken ordukorik ezean, apirilaren 2ra arte luzatuko da protestaldia.

Atzo, astelehena, goizaldeko 02:00ak arte egon ziren batzartuta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako ordezkariak eta sindikatuetakoak baina ez zuten akordiorik lortu eta sindikatuek bere horretan eutsi diote greba deialdiari. Hori horrela, gaurtik eguenera eta datorren astelehenenan eta martitzenean greba egitera daude deituta unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak.  

Gaurko egunari dagokionez, Plaentxi Eskolan %50eko jarraipena izan du lehen greba egunak eta Soraluze BHI Institutuan, berriz, %32koa. Institutuan esan dutenez, aurreikuspena da bihar grebak jarraipen handiagoa izatea, egun asko direnez, hainbat irakaslek egunero barik, hainbat egunetan egingo baitute bat protestarekin.

Eskaera nagusiak onartu barik

Grebaren deitzaile diren ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuei dagokienez, besteak beste, adierazi dute ez dutela Jaurlaritzak proposatutako aurreakordioa onartu, ez dietelako “erantzun grebetan aldarrikatutako eduki nagusiei”, ELAren esanetan. Halaber, Hezkuntza Sailaren jarrera salatu dute, “greba bezperan eta modu desegokian” deitu baitu negoziazio-mahaia LAB sindikatuaren esanetan. ELAk gaineratu du hori izan dela “greba dinamika zapuzteko” Jaurlaritzak egin duen “saiakera berria”.

Gaineratu duenez, “honako hauek dira Jaurlaritzak egindako proposamenaren gabezia nagusiak":

  • "Ratioen jaitsiera: ez dago ratioen hobekuntzarako neurri bat bera ere.  
  • Burokraziari aurre egiteko neurriak: neurri zehatzik ez, gaia aztertzeko batzorde baten eraketa proposatu dute: konpromiso eta eperik gabe.  
  • Baliabide gehikuntza: %1a baino urriagoa da proposatutako lanpostu gehikuntza. Proposamen horri, azken momentuko zehaztasunik gabeko planteamendua gehitu zaio ahoz (inolako bermerik ez).  
  • Soldata: %6ko soldata igoera hipotetiko batez hitz egin da, baina xehetasunik gabe eta 2028a bitarte. Indarraldia luzatuz erosahalmena berreskuratzea ekiditen da (KPIa inolaz ere bermatu gabe).   
  • Erretiroa: Ez dira murrizketak berrezarriko (primak eta Itzarri) eta errelebo kontratua Madrilen zain.   
  • Lanaldia: 23 orduko ikastetxeko permanentzian eta uztaileko hilabetearen izaeran okertze aukera irekitzen da. 
  • Enplegua: Behin-behinekotasun tasa erreala murrizteko edukirik ez da planteatu.  
  • Lan-osasuna: Neurri, epe eta konpromiso zehatzak falta dira".