Herrian euskara biziberritzeko plana diseinatzeko hirugarren eta azken saio irekia eguaztenean

Erredakzioa 2025ko mar. 25a, 09:39

Herritarrak otsaileko saioan.

Datorren asteazkenean, hilak 26, Soraluzen euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko plana diseinatzeko azken saio irekia egingo da herritarrekin batera, udaletxeko batzar aretoan. Saioa arratsaldeko 17:30ean hasiko da.

Soraluzeko Udalak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak bultzatuta, abian da Soraluzen euskara indarberritzeko plana diseinatzeko prozesua. Hala, urtarrilean eta otsailean saio bana egin ondoren, Elhuyarreko teknikariek gidatuta, hirugarren eta azken saio parte hartzailea egingo da herriko eragilekin eta hurreratzen diren herritar guztiekin.

Otsailean egindako saioan hogeita bat herritarrek Soraluzek euskararen alorrean dituen erronka nagusiei erantzuteko egokiak izan daitezkeen ekintzak proposatu zituzten, taldeka jarrita. Asteazken arratsaldean egingo duten hirugarren saioan, aurrekoan definitutako ekintzak gainbegiratu, lehentasunak ezarri eta plana aurrera eramateko beharrezkoak izango diren egitura eta dinamikak zein izango diren adosten ahaleginduko dira.

Saioa arratsaldeko 17:30ean hasiko da udaletxeko batzar aretoan. Saioa irekia da eta edozeinek har dezake parte.