Bizirik segi nahi bazuten, derrigor irabazteko partida horietako bat zuten Sorakoek zapatuan eta igarri zen hori joko zelaian.
Hala ere, zorte txarrarekin hasi zuten partida etxekoek, 13. minutuan egin baitzuen lehen gola Ilintxak. Luze ikusten zen partida, baina Sorak, erasoan eta gol aukerak sortzen segitzeaz aparte, 0-1eko markagailua atsedenaldira arte bere horretan mantentzea lortu zuen.
Ahaleginak ahalegin, 0-1eko markagailuarekin zelairatu ziren bigarren zatian eta atsedenaldiaren indarrarekin-edo, Ilintxakoek laster bigarren gola (ederra) egin zuen. 0-2, Ilintxa indartsu eta Sorakoendako panorama beltz ikusten hasi zen orduan.
Baina 60. minutuan Soraren aldeko penaltia seinalatu zuen epaileak legazpiarren haserrerako eta Sorak ez zuen aukera galdu. Beñat Goenagak penaltia gol bihurtu eta etxekoen esperantzari bultzada bikaina eman zion.
Goenaga eta Barrutia, ezin hobeto
Are gehiago, justu Goenaga bera izan zen bigarren golaren asistentzia eman zuena, Barrutiari pase ederra eginez. Azeri zaharrak biak, Ilintxakoen baloia lapurtuta egin zuten gola. Partidako ederrenetako bat izan zen, gainera. Aitor Barrutiak atezain legazpiarra apur bat aurreratuta zegoela ikusi eta ttak! bere indarrarekin eta punteria bikainarekin, eskuadrara tiro geldiezina jaurtita egin zuen Soraren bigarren gola, berdinketa zekarrena.
Hortik aurrera, partida nahaspilatu egin zen eta faltak ugaritu. Horietako falta batean, areatik gertu, Goenagak, bere odol hotzarekin, dotoretasunez baloia sarearen barrura sartzea lortu zuen, 71. minutuan, eta Soraren esku laga zuen garaipena. Eta ya partidaren azken minutuetan, kornerretik gertu zegoen alboko sake batean, Barrutiak sartu zuen Soraren laugarren eta azken gola.