Soraluzen Euskaraldia ordezkatuko duen hamaikakoa aurkeztu dute jendaurrean

Egoitz Unamuno 2025ko mar. 23a, 08:13

Bariku arratsaldean, aurtengo Euskaraldian Soraluzeko hamaikakoa osatuko duten plazentziatarrak aurkeztu zituzten Plaza Berrian. Aurkezpenean gogorarazi zutenez, dagoeneko zabalik dago herritarrek Euskaraldian izena emateko epea.  

Ondorengoak dira Euskaraldiaren laugarren edizioan hamaikakoa osatuko duten herritarrak: Aiuri Gisasola, Eneko Alvarez, Maddalen Laskurain, Oier Ariznabarreta, Aitor Atxotegi, André Costa, Juncal Iglesias, Cristina Cuenca, Estibaliz Gil, Patxi Hernandez eta Enkarna Arrizabalaga.

Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordeak adierazi duenez, hamaikakoa adin eta esparru sozial ezberdinetako hamaika herritarrekin osatu dute: "Tartean dira gazteak, gurasoak, jubilatuak, kirolariak, musikariak, euskara ikasleak, berbalagunak... Guztiak dira euskaltzaleak eta hizkuntza kontzientzia eta portaera esanguratsuak dituztenak. Hamaikako bikaina da". 

Aurkezpenean ohartarazi zutenez, aurten, lehen aldiz, udaberrian egingo da hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa, maiatzaren 15etik 25era eta hamaika egun iraungo ditu.

Izen-ematea zabalik

Euskaraldirako izen-ematea zabalik dago. Internetez, Euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, eta presentzialki izena emateko aukera ere izango da, datozen egunetan, boluntarioek kalean ezarriko dituzten mahaietan. Batzordetik jakinarazi dutenez, dagoeneko, astebetean, 100 plazentziatar baino gehiagok eman dute izena hizkuntz ohiturak aldatzeko ekimenean.