Etxeko partidak ziurtatu eta kanpokoak borrokatzeko momentua

Ander Gomez 2025ko mar. 21a, 09:05

Sora-Ilintxa partida Ezozin, 2023-2024 denboraldian. Argazkia: Ubane Madera Zangitu.

Zorte txarra izan dute Sorako mutilek bigarren itzuli honetan: Sailkapeneko talde onenen kontrako partidak suertatu zaizkie elkarren segidan eta porrota hauek azken postura eraman dute taldea berriz ere. Dena den, klubetik esan bezala, zulotik ateratzeko aukera dago oraindik; hori bai, gogor borrokatu beharko da.

Bihar, martxoaren 22an (zapatua), Sorako Gorengo mailako taldeak Ilintxa SD hartuko du etxean, Ezoziko futbol zelaian, 16:30ean.

Otsaila erdialdean azken postuetatik irtetzen ari zen Sora, etxetik kanpoko partidaren bat irabaztea ere lortuz. Asteotako jardunaldiak, ordea, zailak izan dira: Azken lau partidak sailkapeneko lau talde onenen kontra suertatu dira (Urki, Amaikak Bat, Ordizia eta Aretxabaleta) eta, saiatu arren, ezin izan dute ezustekoa eman.

Asteburu honetakoa ere ez da erraza izango. Azken partida etxetik kanpo irabaztetik dator Ilintxa eta sailkapenean erdiguneko goikaldean tinko mantentzen da, 7. postuan. Baina etxean jokatzearen abantaila izango dute Sorako mutilek eta, klubetik azaldu dutenez, berauek irabaztea "derrigorrezkoa" da: "Oraindik aukerak daude, zazpi jardunaldi falta dira. Partidaz partida joan beharra daukagu".


Gainontzeko taldeen hitzorduak (aurkaria, tokia, ordua) Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.