Errigora

Astebete falta da Errigorako produktuak eskatu ahal izateko

Erredakzioa 2025ko mar. 20a, 09:12

Martxoaren 26an, datorren eguaztenean, amaituko da Errigoraren bitartez Nafarroa Hegoaldeko produktuak eskatzeko aukera. Eskariak Errigora.eus webgunean egin behar dira. Dagoeneko 24 plazentziatarrek egin dituzte eskaerak produktuak Soraluzen bertan jasotzeko. Soraluzeko Errigora Batzordeak jakinarazi du produktuz betetako saski bat zozkatuko dutela eskaria egiten duten herritarren artean. 

Oliba-olio birjina estra da produktu izarra baina horretaz gain badira kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardoa.

Udaberriko kanpainak ohiko funtzionamendua izango du. Hona hemen jakin beharrekoak: 

  • Eskaera epea. Martxoaren 26a.
  • Eskaera egiteko bidea. Webgunea: Errigora.eus
  • Eskaerak jasotzeko eguna. Maiatzaren 7a, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era Gaztetxean.  
  • Ordaintzeko modua. Online eginez gero eta 150 euro baino gehiagoko eskaria bada, bi zatitan ordaintzeko aukera izango da. Bizum bidez ere egin daiteke ordainketa. Bestela, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.