Soraluzeko PSE-EEk udalerrian partekatutako ibilgailu zerbitzua sortzea proposatu du, carpooling-a

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 20a, 09:11

Distantzia laburreko ibilbide erregularretarako autoa partekatzeko zerbitzua martxan jartzea eskatu dio Soraluzeko PSE-EE taldeak Udal Gobernuari. PSE-EEren udal taldearen esanetan, Udal Gobernuak aukera hori aurten ikertu eta aztertzeko konpromisoa hartu du. Sozialisten ustez, ekimenak mugikortasun ohitura iraunkorragoak sustatuko ditu.

Carpooling zerbitzuaren bitartez, auto pribatua partekatzea ahalbidetu nahi du talde sozialistak, “distantzia laburreko ibilbide erregularretarako, adibidez, unibertsitatera edo erosketetara joateko udalerrian bizi diren pertsonen artean”.

Udal talde sozialistaren esanetan, ekimen horren helburua, “ibilgailu pribatuen okupazio tasa hobetzea eta herritarrei antzeko ohiturak dituzten pertsonekin harremanetan jartzeko aukera ematea da, eguneroko joan etorrietan autoa partekatu ahal izan dezaten”.

"Abantaila asko"

Patricia Borinaga bozeramaile sozialistaren ustez, “bidaia laburrak partekatzea egunero jarduteko modu egokia da mugikortasun ohitura iraunkorragoak sustatzeko, eta carpooling-ak abantaila asko ditu; trafikoa eta ingurumen inpaktua murrizten laguntzen du emisio kutsatzaileak murriztuz, gastuak partekatzean aurrezteko eta gizarte konexio berriak sortzeko aukera ematen du”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.