Bi hilababete eskas falta dira Euskaraldia hasteko eta Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordea hasi da pausoak ematen. Domekatik zabalik dago herritarrek aurtengo edizioan izen-emateko gunea eta bariku arratsaldean, herrian ekimenaren enbaxadore izango den hamaikakoa aurkeztuko dute jendaurrean.
Aurkezpen-ekitaldia Plaza Zaharreko karpan egingo dute eta hamaika herritarrak aurkeztu ostean, Azkaiter Pelox taldeak zuzeneko musika eskainiko du eta dastaketa gastronomikoa ere izango da: gazta (Egotza), sagardoa eta zukua (Lizagasar), txorixo pintxoak eta abar... Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta ordu erdi pasa iraungo du.
Euskaldiaren Batzordeak dei egin die Soraluzeko herritar eta euskaltzale guztiei ekitaldira hurreratu daitezen: "Euskaltzaleen festa izango da, elkarrengana batu eta hizkuntz aktibaziorako ekimenari merezi duen bultzada emateko".