Bost greba egun gehiago hezkuntzan, datorren astean hasita

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 18a, 11:08

Hezkuntza publikoko langileak urte hasieran egindako manifestazio batean. Argazkia: ELA sindikatua.

Gaur zortzi, martxoaren 25ean hasi eta apirilaren 2ra bitartean, Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek hezkuntza publikoko langileak grebara deitu dituzte berriro. Oraingoan, irakasleak eta garbiketako eta sukaldeetako langileak batera deitu dituzte grebara. Urtarrilean eta otsailean hamar greba egun egin zituzten, Eusko Jaurlaritzarekin negoziazioak indartzeko.

Hezkuntza publikoan grebara deitu duten sindikatuen esanetan, orain arteko greba egunak arrakastatsuak izan dira, eta Eusko Jaurlaritza proposamen berriak aurkeztera “behartu” dute.

Baina “hitzarmen horiek aldarrikatutako edukietatik urrun daude, bai sukalde eta garbiketako kolektiboarenak, bai irakasleenak ere. Beraz, kalitatezko hezkuntzaren bidean Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetu, sare publikoa erdigunean jarri, indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan eskatzeko” greben dinamikari segida ematea erabaki dute sindikatuek eta datorren astean hasita, bost greba egun deitu dituzte.

15 eta 16 urte hitzarmena berritzeke

Protesten deitzaileek Eusko Jaurlaritzaren borondate falta salatu dute eta horren erakusle, gogora ekarri dute sukaldari eta garbitzaileen hitzarmena 2009koa dela eta irakasleena 2010ekoa. Hitzarmen horiek negoziatzea eta berritzea eskatu dute, eta Hezkuntza Sailari eskatu diote orain arteko jarrera albo batera uzteko.

Besteak beste, lan zamak arintzeko neurri zehatzak hartzea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, plantillen gazte-berritze plana berritzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta ikastetxe publikoen fusioen eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatzea eskatzen diote Jaurlaritzari. Gainera, hezkuntza publikoko sistema osoa euskalduntzeko politikak indarrean jartzea eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak martxan jartzea ere galdegin diote Hezkuntza Sailari.

Grebarekin batera, mobilizazioak ere iragarri dituzte.