95.000 sinadura Herri Ekimen Legegilearen alde

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 18a, 09:31

Atzo, 37 herritar izan zen elkarretaratzean. Argazkia: Aidor Aizpuru.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 95.000 sinadura batu ditu gutxieneko pentsioak bermatzen dituen Herri Ekimen Legegilearen alde. Soraluzen, 250 jasotzea jarri zuten helburu eta 420 sinadura batu dituzte. Halaxe jakinarazi zuten atzo, astelehena. Bestalde, esan zuten apirilaren 5ean “gutxieneko pentsioaren eta gutxieneko soldata justuaren” aldeko manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Atzoko elkarretaratzean jakinarazi zutenez, Herri Ekimen Legegilearen 95.000 sinadura batzeaz gainera, ekimen horrek “EAEko erakunde sindikal guztien babesa” jaso du. Horregatik guztiagatik uste dute “Eusko Legebiltzarreko talde parlamentario guztiek aintzat hartzea” merezi duela.

Esplikatu zutenez, “hilabete gutxi barru, lege-ekimen honen hirugarren eta azken fasera igaroko” dira: “Eusko Jaurlaritzaren txostena eta Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren deialdia, lege-proposamen gisa onartu ala ez bozkatzeko”, eta, diote ez luketela ulertuko “hainbeste ahalegin eta babes ondoren, Eusko Jaurlaritzak ezezko txosten bat egitea” edo “ez onartzea, gutxienez, tramiterako”.

Horrekin batera, Europa hartzen ari den norabidea hizpide izan zuten atzo. Salatu zutenez, “Europa berrarmatzeko” deiaren aurrean ez dago arazorik 800.000 milioi euroko gastua bideratzeko, bai ordea, ongizate estatua sendotzeko eta pentsioak hobetzeko. Horregatik uste dute “Europako buruzagi belizistek jendea beldurtzen” dutela, “Europako eliteek luzaroan laztandutako murrizketa sozialen programa digerigarriago egiteko”.

Azkenik, jakinarazi zuten apirilaren 5ean “gutxieneko pentsioaren eta gutxieneko soldata justuaren” aldeko manifestazioak egingo dituztela Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.