'Debabarrena Gourmet' egitasmoa aurkeztu dute gastronomiaren bidez bailarara bisitariak erakartzeko

Erredakzioa 2025ko mar. 17a, 15:58

Debabarreneko turismoa sustatzeko asmoz, 'Debabarrena Gourmet' egitasmoaren bigarren edizioa jarri dute martxan. Soraluzeko Txurruka jatetxeak ere parte hartuko du ekimen gastronomikoan. 

Datorren martxoaren 28tik apirilaren 13ra bitartean, 'Debabarrena Gourmet' ekimen gastronomikoaren bigarren edizioaz gozatzeko aukera izango da Debabarrenean. Eskualdeko sei jatetxek (tartean, Txurruka jatetxea) gourmet dastatze menuak eskainiko dituzte 65 euroren truke. Menua zazpi platerez osatuta egongo da: aperitiboa, bi hasierako, bi plater nagusi (arraina eta haragia) eta bi postre.

Aurtendo edizioan eskualdeko sei jatetxek hartuko dute parte: 

  1. Elgoibarko Belaustegi Baserria
  2. Eibarko Baratze Gourmet
  3. Itziarko Kanala
  4. Mutrikuko Pikua
  5. Soraluzeko Txurruka
  6. Debako Urgain

Debabarrena Gourmet ekimeneko menua jatetxe horietako sukaldariek prestatutako platerez osatuta egongo da, hurrenez hurren: Unai Altuna, Josu Mugerza, Alberto Sanchez, Luis Ángel Alburquerque, Iurdana Laskurain eta Nestor Pañuni. Halaber, ogia eta kafea menuan sartzen dira, baita ardoa ere: Arabar Errioxako Valdelana familiaren upategiko “AGNUS de Autor Malvasia” eta “AGNUS de Autor Crianz” ardo beltza eta txakolina.  

Jatetxe bakoitzak bere menua diseinatu du, eta proposamen guztiak debabarrenaturismo.com webgunean daude ikusgai. Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara deituz egin beharko dute erreserba, “Debabarrena Gourmet” menua dastatu nahi dutela azalduz.

Eskualdean egun parea pasatzeko eskaintzaren parte

Debabarrena Turismoak, Debabarreneko Klub Gastronomikoa osatzen duten sukaldariekin batera antolatutako ekimen gastronomikoa da hau: "Urrats bat harago joan nahi izan dugu ekimen hau diseinatzerakoan, sukaldariengan, produktuen aukeraketan eta plateren elaborazioan arreta jarriz", azaldu du Aitziber Cortazar Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako “Garapen Jasangarriko eta Turismo” saileko arduradunak. Horrela bada, 'Debabarrena Gourmet' ekimenak eskualdeko sukaldarien balioa jomugan jarri eta beren esperientzia agerian utzi nahi du. 

Ekimena Debabarrenean egun pare bat igarotzeko osagarri gisa sortu dute, gastronomia eta eskualdeko bisita gidatuen eskaintza uztartuz: ibilaldiak bertako bidezidorretatik, begiratokietatik ikuspegiak gozatzeko aukera, euskal DNAren ezagutza industria-museoen bitartez, zaldi-ibilaldiak...

Aurkezpen ekitaldia Elgoibarren

Ekimenaren berri emateko, joan zen eguenean aurkezpen ekitaldia egin zuten Elgoibarko Idotorbe auzoko elkarte gastronomikoan. Bertan, jatetxeetako sukaldariek menuetan eskainiko dituzten plater batzuk aurkeztu zituzten, bakoitzak bana, eta hura nola elaboratu duten azaldu zuten. Era berean, ardo-ekoizleek ere beren produktuen xehetasunak eman zituzten. Ekitaldi horretan eskualdeko erakundeetako langileak, blogariak, Euskadiko eduki sortzaile gastronomikoak, kazetariak eta udaleko teknikariak izan ziren.

“Debabarrena Gourmet” ekimenak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadi Gastronomikoaren babesa du.