Zabaldu dute Euskaraldirako norbanakoen izen-ematea

Egoitz Unamuno 2025ko mar. 15a, 16:00

Izen-ematearen aurkezpena Gasteizen. Iturria: Taupa.

Euskaraldia hasteko bi hilabete falta dira eta gaur ireki dute norbanakoek izena emateko epea. Hizkuntz portaerak aldatzeko ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta ordura bitartean, tokian tokiko Euskaraldiko batzordeek mahaiak jarriko dituzte kalean herriz herri ahobizi nahiz belarriprest moduan izena emateko. Internetez ere eman daiteke izena, Euskaraldia.eus webgunean. Oraingoan, Euskaraldia Hikan ere eman ahalko da izena, hitanoa praktikatu nahi izanez gero. 

Gaurtik aurrera, herritarrek aukera dute Euskaraldian izena emateko belarriprest edo ahobizi moduan. Aurtengoa laugarren edizioa izango da eta maiatzaren 15etik 25era, hamar egunez, egingo da ariketa sozial masiboa. 

 

Hain zuzen, gaur goizean, Euskal Herri mailako ekitaldia egin dute gaur Gasteizen irekiera iragartzeko. Dozenaka lagun bildu dira ekitaldian, hala nola herritarrak, erakundeetako ordezkariak (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua), Taupa Mugimendukoak eta herrietako batzordeetako eta entitateetako hainbat kide. 

Elkarrizketa elebidunak gero eta ohikoago

Irati Iciar Taupako lehendakariaren esanetan erabilerarentzat mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea da Euskaraldiaren helburua, eta bere hitzetan “hori lortu du Euskaraldiak urte hauetan guztietan”. Hala, gero eta jende gehiagok ulertzen du “lehen hitza euskaraz” egitearen garrantzia eta “elkarrizketa elebidunak” gero eta ohikoagoak dira gure inguruan. Eta horrek guztiak, “Euskaraldiak, euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzea ahalbidetzen du” azpimarratu du Iciarrek. 

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak, berriz, herri erakundeek duten erantzukizuna aipatu du, eta esan du “gizartearen beharrei egoki erantzutea” dagokiela, “nor bere aukeretatik abiatuta, baina beti ere arduraz. Erronka handia dugu”. Euskaraldiari babesa ematea eta hori “egikaritzeko” neurriak hartzea dagokiela gehitu du.

Izen-ematea zabalik 

Euskaraldirako izena Internetez Euskaraldia.eus webgunean eman daiteke, eta bakoitzari dagokion txapa jasotzeko informazioa aurrerago emango dute herrian herriko Euskaraldiko batzordeek. Izan ere, herriz herriko batzordeek mahaiak jarriko dituzte kalean, herritarrei ariketa sozialean parte hartzera dei egiteko, eta ariketak oihartzun handiagoa izan dezan.

Helburu horrekintxe, Euskaraldiaren gune ibiltaria gaur abiatu da Gasteizen, eta maiatzaren 18ra bitartean, Euskal Herriko hainbat herritara joango da. 

Euskaraldia Hika

Euskaraldia Hika da laugarren edizio honetako nobedadeetako bat. Aurreko edizioetan, horretarako interes berezia izan duten herrietan, ekimen propioz, sortu zen Hikaldia. Bergaran eta Oiartzunen antolatu zen Hikaldia lehenbizikoz, 2020ko Euskaraldian. Hurrengo edizioan, 2022koan, herri gehiago batu ziren, batez ere Gipuzkoako eskualderik euskaldunenetakoak: Urola Kosta, Goierri, Debagoiena... Euskaraldiko laugarren edizioan, berriz, Euskaraldia Hika ekimena abiatzea adostu dute Taupa Mugimenduak eta ZirHikak.

Izena emateko, nahikoa da Euskaraldian izena ematerakoan adieraztea Euskaraldia Hikan ere parte hartu nahi dela, laukitxoan klikatuta. Ondoren, txapan gehitzeko H-a jaso ahal izango da eta horrekin adieraziko da: "Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu". Euskaraldia Hikan parte hartzeko ez dago hitanoa jakin beharrik, ikasi edo entzun nahi duenak ere gehitu dezake pegatina txapan.