Soraluzeko PSE-EEk jakinarazitakoaren arabera, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako Euskadiko gune tentsionatuei buruzko txostenean, bere osotasunean tentsionatu gisa agertzen diren Gipuzkoako hogei udalerrietako bat da Soraluze. Horren arrazoia da azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa % 18 baino gehiago handitu dela herrian.
Alderdi sozialistak azpimarratutakoaren arabera, Soraluze ofizialki udalerri tentsionatu izendatzeak alokairu-kontratu berrien gehienezko prezioa arautu egingo du eta horrek zenbait onura izango ditu etxebizitza eskuragarriago eta duinago eskuratzen laguntzeko herritarrei.
Neurriak
Adibidez, alokairu-prezioa ezin izango da azken bost urteetan sinatutako azken kontratuarena baino handiagoa izan, KPIren eguneratzeak kontuan hartuta. Horrekin batera, azken bost urteetan alokatu gabe egon diren etxebizitzen kasuan, errentak ezingo du gainditu erreferentziako prezioen indizeetan ezarritakoa, udal bakoitzak egin beharko baitu hori. Eta besteak beste, alokairu-kontratuak luzatzeko derrigortasuna izango da, guztira 8 urtera iristeraino (hasierako 5 urteak gehi 3 gehiago), eta horrek, sozialisten esanetan, egonkortasuna bermatzen die ohiko etxebizitzen maizterrei.
Kontrola areagotu
PSE-EEren ustez, Soraluze gune tentsionatu izendatzeak udalerriko alokairuak kontrolatzen eta prezioaren igoerak soraluzetarrei kalte egitea saihesten lagun dezake. Patricia Borinaga ordezkari sozialistaren esanetan, “horrek etxebizitzaren merkatua orekatzen lagunduko du, eta alokairua bidezko eskuragarritasuna sustatzen gurea bezalako udalerrietan, alokairuaren prezioa pertsona askok bere gain har dezaketenaren gainetik baitago. EH Bilduk bere konpromisoa onartzea eta hitzetatik ekintzetara pasatzea espero dugu, gure bizilagunek etxebizitza bat modu duin eta eskuragarrian eskuratu ahal izateko”.
Horregaitik guztiarengatik alderdi sozialistak uste du “EH Bilduk ereduarekin predikatu” behar duela, “eta lanean hasi behar du Eusko Jaurlaritzak udalerria etxebizitza gune tentsionatu izendatzeko”.