Jaiotzez burgostarra den José Luis Abajo "Porrilló" artista (Tubilla del Lago, 1946) gaztetan etorri zen Euskal Herrira bizitzera eta 1974. urtean egin zuen bere lehen margolan erakusketa, Bilboko Windsor aretoan. 51 urte pasa dira ordutik eta bere obrak lekutan erakusteko aukera izan du, hala nola, New Yorken edota Frida Khaloren senar izandako Diego Rivera margolariaren jaiotetxean, Mexikon. Orain, Soraluzeko Oreka Art galeriako hormetan jarri ditu ikusgai.
Egur errea, berniz asko eta birziklatutako materialak
Erakusketa bisitatuz gero, Porrilllóren eskulturak egurrez eginak daudela ikusiko dute herritarrek baina, margolanei erreparatuz gero ere, egurrez betetatako koadroak aurkituko dituzte. Bere mihiseak ez dira oihal lauak, eukaliptoaren egur, makil eta birziklatutako bestelako materialez betetzen ditu. Gero, erliebe irregular horren gainean hasten da margotzen; dioenez, "betiere azpiko materialak, enborren azalak... bistan lagatzeko 'ariketa zintzoa' eginaz. Bestela, engainua litzake".
Egurrari gainetik ipintzen dion pintura kapa horrez gain, nabarmentzekoak dira lantzen dituen akabera desberdinak: Egur zati batzuk zeharo distiratsu bihurtzen ditu berniz geruza potolo batekin; bestetzuk, kiskali eta zeharo beltzitu. Azaldu zuenez, oso gustuko du beltza, bereziki egurra erretzean sortzen den "kedar beltz kolore hori".
Porrilloren ustez, obra on batek zerbait esan behar du, edozer dela ere: "Agian ikusleak ez du gustuko, baina jakinmina sortarazten dio, edo ezinegona... Agian erabat gorrotatzera ailegatzen da, eta hori ona da ere". Herritarrek apirilaren 1era arteko tartea dute Oreka Art galeriara gerturatzeko (astegunetan 19:00etatik 20:00etara) eta Porrillóren obra hauek zer esaten dieten deskubritzeko.