Soraluzek autokontsumo energetikoan emandako "aurrerapausoa" azpimarratu zuten TEK-aren ospakizun ekitaldian

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 11a, 10:34

Atzo, astelehena, TEK Soraluze energia-komunitatearen jarduera hasiera ospatu zen Herri Antzokian, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun Diputatua zein Unai Larreategi alkatea bertan zirela. Energia-komunitateko 30 bazkide pasa ere bertaratu ziren. Ekitaldian, diputatuak jakinarazi zuen Diputazioak 225.795,08 euro inbertitu dituela “Soraluzen autokontsumo kolektiboa eta trantsizio energetikoa sustatzeko”. Halaber, Asensiok eskerrak eman zizkion alkateari, instalazioak egiteko hiru eraikin publiko lagatzearren.

Herri Antzokian egin zuten atzoko ospakizun ekitaldia. Unai Larreategi alkateak egin zituen aurkezpen lanak, notizia on bat iragarriz: San Andresko instalazioa dagoeneko martxan da. Horrez aparte, besteak beste, energia komunitatearen ariketa kolektiboaren garrantzia azpimarratu zuen alkateak, are gehiago kontuan hartuta gaur egun gizarte geroago eta indibidualagoan bizi garela.

Alkatearen ondoren, Jose Ignacio Asensio diputatuak hartu zuen hitza eta oro har, soraluzetarrek energiaren autokontsumoaren bidean eman duten “aurrerapausoa” nabarmendu zuen eta energia-komunitatearen gaineko onurak azpimarratu zituen, datuak helaraziz.

Onurak

Partekatu zuen, adibidez, TEK Soraluze energia-komunitateak ahalbidetzen duen “autokontsumo kolektiboari esker, udalerriko familiek eta saltokiek % 30era arte murriztu” ahal izango dutela beren energia-faktura eta gainera, energia jasangarria baliatuta.

Azken horri esker, besteak beste, “848 tona CO2-ko murrizketa” izango da “25 urtean” -“3.392 zuhaitz landatzearen baliokidea”-, eta “eguzki-energia duten 204 familia eta saltokiri mesede” egingo die, “beren etxebizitzetan instalatu beharrik gabe”.

Hori guztia ahalbidetzeko, Diputazioak 225.795,08 euroko inbertsioa egin du eta Soraluzeko Udalak hiru eraikin publiko laga ditu eguzki-plaken instalazioak egiteko: Ezoziko futbol zelaia, San Andresko frontoia eta Plaentxi Eskola. 302 eguzki-panel instalatu dira hiru udal eraikin horietan eta 135 kw-eko potentzia sortzen dute.

Gipuzkoan beste 60 komunitate

Asensio diputatuak azpimarratu zuen Soraluzen sortutakoa moduko beste 60 energia-komunitate aktibo daudela Gipuzkoako 55 udalerritan. Eta azaldu zuen horixe zela, hain justu, Gipuzkoak duen %90eko dependentzia energetikoari aurre egiteko Gipuzkoako Diputazioak bultzatzen duen eredua: autokontsumo energetikoa: “Energia ekoizteko eta kontsumitzeko modua eraldatzen ari gara energia-kultura berriaren abangoardian kokatuz. Energiaren demokratizazioak eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoaren aldeko apustuak eredu eraginkorrago, bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko digute”.

Segidan, bi bideo ipini zituzten. Bata TEK Soraluzeri buruzkoa eta bestea Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoaren Bulegoaren gainekoa. Ondoren, herritarrek hartu zuten hitza eta zenbait galdera egin zizkieten adituei. Ekitaldia amaitzeko, jan-edanen bueltan elkartu ziren.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!