Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina. Beste modura denona da onura lelopean, egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak direla, eta horrek, bestelako eredu baten beharra azaleratzen duela nabarmendu dute.
Despentsa betetzeko aukera
Errogorak urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen du eta, hortaz, oliba-olio birjina estra bost litroko bidoietan eskainiko dute eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan, arroz erdiluze eta integrala izan ezik.
Aurtengo eskaintzan hainbat berrikuntza daude:
- Arroz konbentzionala (12 kiloko lotea) itzuliko da katalogora eta bi lote izango dira aukeran: bonba eta lido.
- Lekale ekologikoek, dilistek eta txitxirioek, lehen aldiz lote propioa izango dute eta kiloko paketeetan etorriko dira.
- Arbendolak moten arabera banatuta eskainiko dituzte 120 gramoko 12 paketeko loteetan: gatzarekin txigortutakoak alde batetik, eta naturalak bestetik.
- Pasta loteak ere izango dira aukeran. 400 gramoko 12 paketeetan makarroi txuriak, albakadun fussiliak eta belar probentzalen fussiliak izango dira.
- 750 mililitroko sei botilako ardo loteak izango dira. Guzti-guztiak eredu ekologikoan ekoitziak dira eta bi motako sortak daude: ardo bereziak eta gorenak. Ardo berezietan Azpea upategiko Santa Cecilia ardoa da berrikuntza, eta ardo gorenetan Aristu upategiko ardo txuri eta gorria.
Berrikuntza horiez gain, ohiko produktuak ere izango dira aukeran:
- Oliba olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez ekologiko dituzte: enpeltre, arbekina eta pikual. Ekologikoan, aldiz, bertako arroitz eta arbekina. Denak 5 litroko bidoiak dira.
- Kontserbei dagokionez, ekoizpen ekologikoko bederatzi produktu izango dira —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki menestra, arbendolen sorta, leka, borraja eta zerba penkez osatutako barazki sorta, tomate frijitua, txitxirioak eta ilar gorriak. Zazpi ez ekologiko ere badira aukeran: zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, ilar gorriak, borraja, leka eta zerba penka sorta eta tomate frijitua.
- Arroz ekologikoa izango da, kiloko sei paketetan, erdiluze txuria eta erdiluze integrala.
Ohiko funtzionamendua
Udaberriko kanpainak ohiko funtzionamendua izango du. Hona hemen jakin beharrekoak:
- Eskaera epea. Martxoaren 26a.
- Eskaera egiteko bidea. Webgunea: Errigora.eus.
- Eskaerak jasotzeko eguna. Maiatzaren 7a, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era Gaztetxean.
- Ordaintzeko modua. Online eginez gero eta 150 euro baino gehiagoko eskaria bada, bi zatitan ordaintzeko aukera izango da. Bizum bidez ere egin daiteke ordainketa. Bestela, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.
230.000 euro, udazkeneko kanpainan
Euskarari Puzka azken kanpainan, 2024ko udazkenekoan, Errigorak 16.000 saski saldu zituen Euskal Herri osoan, eta emaitzei erreparatuta inoizko kanpaina onenetakoa izan zela azpimarratu zuten, saldutako 16.000 saski horien bidez 230.000 eurotik gora bideratu ahal izan baitzituzten Ager zonaldeko euskalgintzara (AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). Ezin hobeak diren emaitza horien atzean “komunitate oso baten ahalmen eta ahalegina dagoela” aldarrikatu zuen Errigorak balorazioaren berri ematerakoan. “Errigoraren komunitatea osatzen duten bolondres, ekoizle eta kontsumitzaileek jarritako indarrari esker lortu dugu kanpainaren arrakasta. Auzolanari esker soilik da hau posible!”, adierazi zuten.