Atzo irakurritako komunikatuan, jakinarazi zuten emakume pentsiodunek ere parte hartu zutela Martxoaren 8ko mobilizazioetan, "Herri Ekimen Legegilearen aldeko aldarria kaleratuz, Gutxieneko Pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte osatzea jasotzea eskatzen duena".
Horrekin batera, adierazi zuten bat egiten dutela Martxoaren 8aren harira, mugimendu feministak erakutsitako konpromisoarekin, alegia, “eskuin muturraren gorakadari, faxismoari eta bizitzen ari garen jarrera atzerakoiei irmotasunez aurre egitea eta aliantza feministak bultzatzea”.
Bat egin zuten, baita ere, azpimarratzen “feminismoa ezinbesteko mugimendua” dela “eraldaketarako proposamen integralak egiteko: feminismo antirrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista”. Eta “askotariko esplotazio eta zapalkuntza egoerak salatu” zituzten, “zehazki, hiru ardatz nagusi nabarmenduz: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazio politikak”.
"Egoera paradoxikoa"
Bestalde, jakinarazi zuten Nafarroako Parlamentuak ez duela tramitera onartu gutxieneko soldatari buruzko herri ekimen legegilea. Eta uste dute “egoera paradoxikoa” sortu dela “Eusko Legebiltzarrean tramiterako onartu baita eskaera bera egiten duen herri ekimen legegilea; Nafarroan, aldiz, ez”.
Azkenik, jakinarazi zuten “euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek esan dutenez, gutxieneko soldataren proposamena adostu dute, eta martxoaren 20an aurkeztuko dute, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan Confebaskekin deitu duten eta gauzatu nahi duten bileran”.
Zentzu horretan, pentsiodunen mugimenduak “modu positiboan baloratzen ditu EAEn eta Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata duinaren alde ematen ari diren urratsak”.