Bihar, 15:30ean du finalerdia jokatzeko hitzordua Ander Gallardo Ariznabarreta tenislari soraluzetarrak, Donostian. Infanil mailan lehiatuko da eta eskolarteko txapelketan diharduten 20 tenislari baino gehiagoren artean lortu du finalerdirako txartela.
Argi du partida gogorra izango dela, baina borrokarako gertu doa: “Borrokatu egingo dut behintzat. Eurak ere finalerdietara iritsi dira, beraz, onak izango dira eta borrokatu egin beharko dut”. Gainera, dagoeneko pozik dago finalerdietara sailkatzea lortu duelako.
Bihar, bi partida ditu soraluzetarrak, bakarka jokatu ondoren, Azpeitiako Noah Muxika bikotearekin ere lehiatuko baita beste bikote baten kontra.
Tenisean buru-belarri
Gallardok Azkoitiako Txerloia Tenis Klubean dihardu orain dela bi urte, aurten Infantil mailan. Tenisean, berriz, badaramatza 8-9 urte, 5 bat urterekin hasi baitzen kirol hori praktikatzen. Gerora futbolean ere hasi zen, baina, ikasketak tarteko, bi kiroletako bat aukeratu behar izan zuen eta harrezkero tenisean dihardu buru-belarri.
Eskolarteko txapelketan eta haren bueltan antolatzen diren torneoetan parte hartzeaz aparte, bestelako torneo askotan ere lehiatzen da soraluzetar gaztea. Iaz, esaterako, Gipuzkoako torneoan jokatu zuen eta Noah Muxika bikotearekin beste bi torneotan ibili berri da.
Oraingoz, hobbie modura
Ander Gallardoren nahi gorena da profesional izatea tenisean, baina “oso zaila” dela jakin badaki. Bestalde, orain Txerloia klubean dabilen arren, ez du baztertzen aurrerago gauza berriak probatzea; esaterako, Donostiako klubean jokatzea eskaini diote, baina oraingoz, ezezkoa eman du, ikasketei lehentasuna ematearren.
Beraz, oraingoz, hobbie moduan dauka tenisa eta ondo pasatzen duela kontatu du; hori horrela soraluzetarrak animatu nahi ditu tenisera: “Nahi duzuenok tenisean jokatu, ez nekatu, aritu eta lortuko duzue tenisean jolastea eta ondo pasatzea”.