Pozik dira bi soraluzetarrak Euskadiko Selekzioaren deiarekin. Mikel Layza hirugarren urtez lehiatuko da Espainiako txapelketan. Eñaut Ibarzabal, berriz, lehen aldiz deitu dute selekzioarekin jokatzera.
Bi soraluzetarrek Jakan dute Espainiako Txapelketa autonomikoa jokatzeko hitzordua, maiatzaren 22tik 25era bitartean. 2012an, 2011an eta 2010ean jaiotako jokalariak elkartuko dira bertan, Estatuko gainontzeko taldeekin batera.
Aste honetan, Euskal Selekziorekin teknifikazioa landuko dute jokalariek, txapelketa prestatzen hasteko.
Layza: asko ikasi
Mikel Layak azpimarratu duenez, asko ikasten da Euskadiko Selekzioarekin: “Gustatzen zait asko, hirugarren urtea da eta esperientzia handiagoa daukat. Han ikasten dut teknika gehiago eta entrenamenduetan intentsitate handiagoa egoten da, Euskadiko onenak daude-eta”.
Ibarzabal: helburua beteta
Eñaut Ibarzabalentzat, berriz, esperientzia berria izango da, hala ere, espero zuen selekzioarekin deia, eta hain justu, horixe zen beraren helburua, selekziotik deitzea: “Nire helburua zen selekzioarekin joatea eta gero, beste kluben batekin-edo nahiko nuke probatu, esperientzia polita izateko. Klub handiagoa”.
Soraluzeko Marras Irristaketa Taldean dihardu Eñaut Ibarzabalek, Infantil mailan. Datorren urtean Jubeniletara pasatuko da. Orain dela bost urte hasi zen hockeyan, defentsa lanetan, batik bat.
Espainiako errendimendu altukora nahi
Mikel Layzaren kasuan, berriz, haren nahia da Espainiako Selekzioaren Errendimendu Altuko campusera joatea. Euskadiko entrenadoreak Euskadiko hiru onenak hautatuko ditu bertarako. Abuztuan jakinaraziko dituzte jokalariak.
Eta soraluzetar gaztearen helburu gorenena da lerro hockeyan profesionalki jardutea, Canariaseko taldean, han soldatak ordaintzen baitizkiete jokalariei.
Bergarako Burdinola taldean dihardu Mikel Layzak hockeyan orain dela lau urte Infantil eta Jubenil mailetako taldeekin dabil aurten. Astean lau bider entrenatzen du. Horrez aparte, aurten, Madrilgo Crazy Monkey taldearekin ere badihardu. Haiekin torneotan parte hartzeko taldea osatu du. Adibidez, uztailean, Capibaras Cup torneoan parte hartu zuen Jacan eta Madrilen IIHS nazioarte mailako torneoan. Horrez aparte, Tuterako torneo batean ere ibili da eta Sparta Cup torneoan, birritan.