Soraluzeko Udalak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak bultzatuta, abian da Soraluzen euskara indarberritzeko plana diseinatzeko prozesua. Hala, urtarrilean hasi eta martxora bitartean, Elhuyarreko teknikariek gidatuta, hiru saio parte hartzaile egingo dira herriko eragileei eta herritarrei zuzenduta.
Lehenengo saioa urtarrilaren 22an egin zuten eta hogeiren bat herritarrek euskarak eta euskaldunen Soraluzen bizi duten errealitatearen gaineko iritziak eman zituzten, etorkizunera begira, hizkuntza biziberritzeko baliagarri izan daitezkeen erronka edo helburu nagusienak identifikatzeko. Gaur arratsaldean egingo dute bigarren saioa eta gaurkoan, lehen saioan identifikatutako helburu horiek lortzeko zein ekintza izan daitekeen egokia zehazten ahaleginduko dira.
Saioa arratsaldeko 17:30ean hasiko da udaletxeko batzar aretoan. Saioa irekia da eta edozeinek har dezake parte.