Otsailaren 22an Soldata Berdintasunaren Eguna izan zen, “emakume batek gizon batek bezala kobratzeko soberan lan egin behar duen egun kopurua sinbolizatzeko aukeratu zen data, edo, bestela esanda, emakume batek doan lan egiten duen egun kopurua adierazteko”.
Hori abiapuntu, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala izan dute hizpide gaurko elkarretaratzean. Esan dutenez, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) soldata-egiturari buruzko inkestak bildutako 2022ko datuen arabera, arrakala urtean 5.780 eurokoa zen EAEn, gizonen alde.
Salatu dute egoera hori egiturazkoa dela, “gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-sistema historiko baten emaitza”, emakumeei sistemak esleitutako zaintza-lanak uztartzeko “kontratu partzialak eta okerren ordaindutako lanak egin behar izan” baitituzte emakumeek.
Eta adierazi dute “bidegabekeria hori Herri Ekimen Legegilearen bidez konpondu” nahi dela, “Eusko Legebiltzarrak gutxieneko pentsioak osa ditzan”. Zentzu horretan, jakinarazi dute dagoeneko 50.000 sinadura baino gehiago bildu direla haren alde eta horrek agerian uzten duela Herri Ekimen Legegile honek duen gizarte-babesa. Soraluzen 250 sinadura batu nahi zituzten eta dagoeneko 330 batu direla ere esan dute.