Irukurutzeta Fundazioak jakinarazi duenez, urte hasieran, 9 hektarea eta erdiko lursail bat erosi du Irukurutzeta inguruan, Arribiribileta zutarria eta Irukurutzetako tontorraren artean, Errekaundieta Burua deritzon parajean, Elgoibarko lurretan.
Abeltzantza estentsiboaren alde
Gaur egun, Irukurutzeta Fundazioak, mendigaineko 53 hektarea lur ditu jabetzan eta 23 behor darabilzki bertan, gehienak pottokak. Julian eta Martin Ezenarro Fundazioaren kudeatzaileen esanetan, urtean pare bat aldiz “garbitzen” dituzte lursailak, otak eta sasiak kenduz eta entresakak eginez, Fundazioaren helburua baita abeltzantza estentsiboarentzako egokia den paisaia, zelaiz eta zuhaitz bakanez osatua, eratzea. “Gure helburua mendia babestea da, besteak beste, dena eukaliptoz bete ez dadin”, gaineratu dute Ezenarro anaiek.
Kudeatzaileek azaldu dutenez, Fundazioak urtean 6.000-8.000 euro inguruko gastua du, batez ere, behorrentzako pentsutan gastatzen dena, neguaren gogortasunaren arabera eta horrez gain, makineria konpontzen ere izaten dituzte gastuak. Gastu horiei aurre egin ahal izateko, azken urteotan, hainbat enpresaren laguntza lortu dute: Soraluze Kooperatiba, Orona, Dikar, Erreka…
Fundazioaren asmoa da etorkizunean ere lursailak eskuratzen jarraitzea “zirkulua itxi arte”.