Otsailaren 22an, zapatuan, 20. jardunaldia jokatuko du Sorako Gorengo Erregionalak eta Amaikak Bat talde debarra hartuko du Ezoziko futbol zelaian. Partida ohi baino ordu erdi lehenago hasiko da: 16:00etan.
Etxetik kanpo irabaztetik dator Sora: Zestoaren kontra, 0-1 markagailuan, Aitor Barrutiak bigarren zatian egindako golarekin. Garaipen honekin, lau jardunaldi jarraian daramatza Sorak galdu barik, horietako hiru irabazita eta bakarra berdinduta. Azken postutik irten ezinda egon ostean, Ibon Leibar Txinbo entrenatzaile duen talde gazte eta eraberritu hau zulotik ateratzen ari da, eta gero eta kohesionatuago ageri da zelaian.
Orain, sailkapenean 3. postuan dagoen Amaikak Bat taldeari aurre egitea tokatzen zaie. Multzoko talde onenen artean dago Debako taldea eta partida gogorra espero da, baina ez dago inondik inora galduta. Denboraldi guztian 11 partida irabazi ditu (Sorak 6), baina bereziki ahul jardun du etxez kanpokoetan: 2025 honetan jokatutakoetatik, esaterako, ez du partida bat bera ere irabaztea lortu. Sorako mutilek azken asteotako errendimendu onaren inertzia hartu eta etxean jokatzearen abantaila baliatu beharko dute, debarrei aurre egiteko, puntuak lortzeko eta sailkapenean igotzen jarraitzeko.
Gainontzeko taldeen partidak (aurkaria, tokia, ordua) Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.