%37ko igoera izango du 2025eko udal aurrekontuak

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 20a, 15:42

Soraluzeko Udalak 7.638.868 euroko aurrekontu erreala izango du 2025ean, iazkoa baino %37 handiagoa. Halaxe onartu zuen udalbatzak atzo, eguaztena, egindako osoko bilkuran. Inbertsio nagusia Olaldearen eraldaketarako izango da. Udal aurrekontua Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioko EAJ-PNVren eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen. Balorazio politikoak laster argitaratuko dira Plaentxia.eus atarian.

Atzoko udalbatzarraren puntu nagusia 2025erakoUdal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua izan zen. Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu zen.

Onartutakoaren arabera, 2025ean, Soraluzeko Udalak 9.612.708 euroko aurrekontu totala izango du. Baina kopuru hori matizatu egin zuten. Izan ere, kopuru horrek Ezozibidea Berritzen proiektuko bizilagunentzat Jaurlaritzak emango dituen 1.973.840 euroko dirulaguntza barnebiltzen du.

Gauzak horrela, Udalaren 2025eko aurrekontu erreala izango da 7.638.868 eurokoa eta hori iazkoa baino %37 handiagoa da, iaz, 5.576.789 euroko aurrekontua izan baitzuen Udalak.

Olaldearako hiru milioi euro baino gehiago

Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, aurrekontuaren igoera hori dator, batik bat, Jaurlaritzak Olaldearen eraldaketarako emango duen dirulaguntzen ondorioz, izan ere Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 3.375.000 euroko laguntza onartu du Olaldearako Debabarrenako Ponentziaren baitan.

Laguntasun hori zatika edo modu urteanitzekoan emango dute, proiektuaren beraren izaera ere urteanitzekoa delako, hau da, hainbat urtetan gauzatuko da. Hala, 2025ari dagokionez, Soraluzeko Udalak 1.450.000 euroko dirulaguntza du eskatuta, baina Larreategik azaldu duenez, zenbateko hori oraindik zehazteko dago, eskualdeko gainerako udalerrietarako beste proiektuekin enkajatu behar baitu Soraluzekoak. Izan ere, Debabarreneko Ponentziaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euroko laguntza emango du urtero Debabarrenerako.

Osterantzean, alkateak jakinarazi zuen, fondo-foralean, dirulaguntza %0,36 jaitsi egingo dela 2023an erroldan emandako jaitsieraren ondorioz, azaldutakoaren arabera. Baina errolda handitu egin denez, datorren urtean “hobekuntza” espero dute zentzu horretan.

Aurrezkia handitu

Gastuei dagokienez, berriz, alkateak esan zuen igo egin dela gastu arrunta bai pertsonalean %2,5, eta batik bat, kiroldegiko esleipenaren eraginez, %6,37. Baina gaineratu zuen, aipatutako horiez gaindi, “Udalaren aurrezki ahalmena igotzea” lortu dutela aurten ere, “ohiko diru-sarreren %7,3”.

Azkenik, inbertsioetara 2.197.243 euroko partida bideratuko dute eta hainbat inbertsio 2024ko gerakin positibotik osatuko direla jakinarazi zuten. Inbertsio horien artean, honako hamar hauek dituzte kopururik esanguratsuenak:

Inbertsio nagusiak

Debabarreneko Ponentziatik:

  • Olaldeako gunerako 1.000.000 euro. Plan urbanistikoa gauzatu eta patrimonio erosketak egiteko.
  • Plaza Zaharra-ibaia lotzeko proiekturako 450.000 euro.

Ezozibidea Berritzen proiekturako 321.466 euro. Hor sartuko da auzoaren urbanizazioa bera eta SAPA ondoko kaleko adokin gunea berritzea eta SAPAko gune berrituan ekipamendua jartzea.

Herria txukuntzeko helburuarekin 136.000 euro baliatuko dira 8 langabetu kontratatzeko brigadarako 6 hilabeterako. Astelehenean hasiko dira lanean. Lanbidek lagundutako proiektua izango da. Eta zentzu berean, beste 63.000 euro bideratuko dituzte haur-parkeak, mobiliarioa eta berdeguneak berritzeko, besteak beste.

Familien esku-hartzeko lana indartzeko eta kale-hezitzaileen proiektua martxan jartzeko 100.000 euro.

Brigadarako inbertsioak izango dira 58.000 euro. Tartean kamioi berria erosteko 42.000 euro.

Kiroldegiko padel-a estaltzeko 52.500 euro.

Hezkuntza Foroaren prozesuan oinarrituta, eguneratzen ari diren Hezkuntza proiektuaren inplementaziorara begira dauden egitasmo guztiak garatzeko 40.940 euro jarriko dira.

Hirigintza proiektuen idazketetarako 45.000 euro. Futbol zelaiko aldagela eta taberna berrizteko azterketa, ibaiko paisai urbanoa lantzeko plan integrala eta Estazioko parke inguruan trafikoa baretzeko azterlana.

San Andreseko frontoia eta haur parkean hobekuntzak egiteko eta Ezozi baserri auzoko parkea txukuntzeko 35.000 euro.

Eta azkenik, kultur arloan 22.840 euro. Hemen nabarmentzekoak; kultur ondarea berreskuratzeko, zein bestelako kultur inbertsio batzutarako.