Gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko soldatarekin parekatzearen zilegitasuna defendatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 20a, 08:59

Herenegun, martitzena, Itxaropenako areto nagusia beteta zegoela, Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko adituek hitzaldia eskaini zuten. Gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea defendatu zuten, argudio pisutsuak emanez. Adibidez, neurri hori dagoela pentsatuta LGSaren azpiko diru-sarrerak dituztenei bizitza duina emateko eta besteak beste, EAEko aurrekontuaren %1,97a suposatuko lukeela bakarrik.

Martitzeneko hitzaldian, gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) -1.134 euro da gaur egun- parekatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea izan zuten hizpide Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako hitzaldian.

Hasteko, azpimarratu zuten pentsiodunen mugimendua ez dela eskaera hori egiten lehena. Jose Luis Loidi Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kidearen esanetan, 2008an EAJ-PNVk gauza bera eskatu zuen, baina Lehman Brothersen kiebrak eragindako krisi finantzarioaren ondotik, kaxoi batean sartu zuten eskaria.

Orain, pentsiodunen mugimenduek eskari bera egin dute Herri Ekimen Legegilearen bitartez. Martitzeneko hitzaldian esan zutenez, ekonomia adituen azterketaren arabera, gutxieneko pentsio hori 99.000 pentsiodunek kobratu ahalko lukete; 60 urtetik gorakoendako unipertsonala eta bizitza osorakoa izango litzateke eta bakarrik EAEko aurrekontuaren %1,97a beharko litzateke gauzatzeko.

Gaineratu zuten, hainbaten esamesen kontrara, gutxieneko pentsioa kobratzeko ezaugarri jakin batzuk bete beharko direla eta neurria ez dagoela pentsatuta modu unibertsalean partitzeko.

Lehentasun kontua

Egingarritasunari dagokionez, berriz, azpimarratu zuten dirua egon badagoela gutxieneko hori bermatzeko, politikarien lehentasunak egokitzea besterik ez dela kontua. Adibidez, gerretara edo Abiadura Handiko Trena moduko proiektuetara bideratzen den dirua pentsioetara bideratzea egokiagoa litzatekeela uste dute.

Halaber, politika fiskala aldatu beharra dagoela ere adierazi zuten, banketxe handien irabazietatik bakarrik %4a bideratzen baita zergetara eta, aldiz, lan-errentetatik %60a bideratzen da. Beraz, langileek egiten diete zergei ekarpenik handienak nahiz eta banketxeen irabaziak izugarri handiagoak izan.

Horrekin batera, oro har, pentsiodunen aldarrikapenen alde borroka egitearen eraginkortasuna nabarmendu zuten, borroka horren lorpenak azpimarratuta.

%26ko igoera borrokari esker

Emandako zenbait daturen arabera, 7 urte daramatzate plazetara aldarrikapenak eramaten eta besteak beste, jakinarazi zuten, borroka horri esker lortu dutela pentsioak KPIaren arabera errebalorizatzea. Datutan, esan zuten errebalorizazio horren bitartez, 2018tik hona pentsioak %26 errebalorizatu dira. “Fatima Bañez ministroak ezarri nahi zuen erritmoaren arabera igoko balira -%0,25- guztira, %2ko igoera izango lukete bakarrik, beraz, guk lortu dugu %24 handiagoa izatea igoera hori”, esan zuen Loidik.

Horrekin batera, gogora ekarri zuen, Gipuzkoako 156 udaletan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartuta dagoela gutxieneko pentsioaren aldeko mozioa.

Emakume asko miserian

Azken puntu modura, emakume pentsiodunen egoera mahai-gaineratu zuen, haiek baitira pentsiodunen artean egoerarik nekezenak pairatzen dituztenak. Loidik gogora ekarri zuen alargun asko pobrezian bizi direla senarra hil eta %60a bakarrik kobratzen dutelako, miserian. Beste askok, 70eko hamarkadan, etxetik lanera irten arren, askotan kotizatu gabeko lana egin zutela lan prekarioa zela. Eta gainera asko ezkondu eta etxera itzultzen zirela aitortu gabeko lan piloa eginez, garbiketak, zaintza, hazkuntza, joskintza… Hori bai, kobratu eta kotizatu barik.