Erretiroa 72 urtera arte atzeratzea eta bankuen irabazi “eskandalagarriak” hizpide

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 18a, 10:35

Atzo, pentsioen aldeko elkarretaratzean, erretiroa borondatez 72 urtera arte atzeratzeko Espainiako Gobernuak onartutako erreforma izan zuten berbagai. Horrekin batera, bankuen irabazi milioidunak salatu zituzten, horiek, bankuen akziodunen eta kudeatzaileen artean banatuko dituztela esanez. Azkenik, gogorarazi zuten gaur, martitzena, Herri Ekimen Legegilearen gaineko hitzaldia izango dela.

Atzo, 44 bat herritarrek erakutsi zioten babesa pentsioen aldeko elkarretaratzeari. Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak bi gai mamitsu jarri zituen mahai-gainean.

Batetik, erretiroa borondatez 72 urtera arte atzeratzeko Espainiako Gobernuak onartu berri duen pentsio sistema publikoaren erreforma.

Ondorio negatiboak

Salatu zuten, neurri hori, “nahiz eta borondatezkoa izan”, ez dela “batere positiboa”, eta honako arrazoiak eman zituzten:

  • “Erreferentzia berriak markatzen ditu erretiroa hartzeko legezko adina luzatzeko”.
  • “Erretiratuak ordezkatzeko kontratuak murrizten ditu, gazteek bete ahal izan ditzaten. Estatuan gazteen langabezia-tasa %26,6koa da.
  • “Pertsona zaurgarrienentzat pentsioak kotizazio-urteen eta soldaten baldintzetan hobetu beharrean, erreforma honen helburu bakarra da haien pentsioak pixka bat hobetzeko erretiro-adina luzatzeko beharrean ikustea, haien osasun arriskuak handituz eta haien bizitzako azken urteak pentsio publiko duin batekin ezin gozatuz”.

Bankuek %21 gehiago irabazi

Bestalde, bankuen irabazi milioidunak ere hizpide izan zituzten atzoko protestan. Datutan, jakinarazi zuten Espainiako Estatuko sei banku handienek (Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankinter eta Unicaja) 31.768 milioi euroko irabaziak izan zituztela 2024an, “aurreko urtean baino %21 gehiago, nahiz eta 1.500 milioi bideratu zituzten gobernuak proposatutako ezohiko zerga ordaintzera”.

Langileen aberastasuna bankuentzat

Salatu zuten “banku-mozkinak %21 igotzeak (azken urteetan izan diren antzeko hazkundeei gehitzen zaien ehunekoa) agerian” uzten duela “bankuak langileek urtero sortzen duten aberastasunaren zati gero eta handiagoa hartzen ari direla”.

Eta gaineratu zuten “onura horietako bakar bat ere, eskandalagarriak eta justifikaezinak”, ez dela “klase herrikoien esku geldituko”, bankuen kudeatzaileen eta akziodunen artean banatuko baitituzte, eta adibide moduan, esan zuten BBVAk akziodunei 5.000 milioi euroko dibidenduak ordainduko dizkiela. Uste dute halako “etekin eskandalagarriei eskua sartu eta mugak jarri behar” zaizkiela.

Gaur, hitzaldia

Azkenik, gogorarazi zuten gaur, martitzena, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako hitzaldia izango dela Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Jose Luis Loidi bergararra izango da hizlaria eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Legebiltzarrean aurkeztuta duen Herri Ekimen Legegilea izango da hizpide. Interesa duen edozein bertara daiteke. 18:30ean da hitzordua.