Egoera aldatu ezean, datorren astean berriro ere greba egingo dute Avanza enpresako langileek

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 17a, 16:36

Autobusa Zubi Nagusian, gaur, astelehena.

Urtarrilaren 20an bukatu zuten azkeneko greba sorta Avanza autobus enpresako langileek eta gauzak aldatu ezean, datorren astean berriro ere greba egingo dute, oraingo honetan, otsailaren 27an hasi eta martxoaren 3ra bitartean. ELA sindikatutik esan dutenez, enpresaren erantzunaren zain segitzen dute.

Avanza enpresako Langile Batzordeko ELA sindikatutik esandakoaren arabera, otsailaren 10ean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batzarra egin zuten langileen ordezkariek, urteko lanordu kopurua 1.650 ordutik 1.592 ordura jaisteari buruz. Diotenez, Avanzak ez die langileei puntu hori argitu nahi izan, enpresaren esanetan, Diputazioak ezingo bailuke jaitsiera hori bere gain gartu kontratuaren emakida berrian.

Baina, ELAtik esandakoaren arabera, eurekin egindako batzarrean, Diputazioak ez zuen eragozpenik ikusi gai horretan, eta Diputazioarekin batzarra egin ondoren, Langile Batzordeak Avanza enpresari eskatu zion batzarra. Astebete geroago, oraindik enpresak ez die inolako erantzunik eman; are gehiago, langileen ordezkariek ez diote enpresari “asmorik ikusten adostasuna lortzeko”.

Gauzak horrela, bere horretan segitzen du hilabete honen amaierarako eginda zuten greba deialdiak eta egoera aldatzen ez bada, datorren otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean, 2an eta 3an, berriro ere greba egingo dute Avanzako langileek.