Urtarrilean egin zituzten azken bi grebak Haurreskolak Partzuergoko langileek. Soraluzen, %90eko jarraipena izan zuten. Biharko eta etziko zeuden deituta, berriz, hurrengo bi protesta-egunak, baina LAB sindikatuak akordioa lortu du partzuergoarekin eta bertan behera gelditu da greba deialdia.
Adostutako puntuetako batzuk
LAB sindikatutik azpimarratu dutenez, 16 urteren ondoren lortu dute lan-hitzarmena. Eta besteak beste, honako puntuak adostu dituzte:
- Urteko orduen kopurua murriztea, baita haurrei zuzeneko arreta emateko denbora ere. Besteak beste, 100 ordu jaitsiko dira urteko lanaldian eta ikasturtean 6 jai-egun gehiago izango dituzte.
- Kudeaketa alorreko ordainsariak Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko langileen ordainsariekin parekatuko dira, osagarriak eguneratu eta gizarte funtsa eta formakuntza funtsak lortu dituzte.
- Behin-behinekotasun tasa gehienez %5era mugatu dute.
- Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 64 lanpostutan handitzea
- Ordezkoen araudi berria.
- Kontziliaziorako baimenak eta eszedentziak hobetzea.
- Lan-osasunean hobekuntzak.
- Berdintasun protokoloak eta formakuntzan hobekuntzak jaso dira
- Bizitza- eta istripu-aseguruak handitzea.
Horrez aparte, LAB sindikatutik adierazi dute honek ez diela “soilik lan baldintzei eragiten, haurrei ematen” dieten “hezkuntza zerbitzuan eragina izango du, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio murritzak alboratu” dituztelako.
Haurreskoletan, beraz, ez dute grebarik egingo otsailean, baina oraingoz, irakasleei, sukaldariei eta garbitzaileei zuzendutako greba deialdiak indarrean daude.
Irakasleak otsailaren amaieran
Irakasleen kasuan, otsailaren 26an eta 27an dituzte deialdiak. Sukaldari eta garbitzaileen kasuan, berriz, datorren astean. Dena den, azken horiek ez dute Soraluzen eraginik izango, bi zerbitzuak administrazioaz kanpoko enpresek ematen baitituzte Soraluzeko ikastetxeetan.